Viviane Straubek (Ravensburg, Alemania, 1989) atzo arratsaldean zabaldu zuen Textile erakusketa Foru Ibilbideko aretoan, eta ekainaren 1era arte egongo da herritarrentzat zabalik. Euskal Herriko ibaietan hondakin izatera kondenatuta zeuden ehunak erreskatatu ditu artista alemaniarrak, eta horiek artelan bihurtu. Azpeitiko Udalak emandako Sorkuntza Bekari esker garatu du proiektua, eta hilabeteetan egin duen lanaren emaitza da Datozen egunetan, gainera, bi bisita gidatu eskainiko ditu artistak: bata hilaren 24an, 12:00etan, eta bestea hilaren 29an, 18:00etan. Ez da aurrez izena eman beharrik egongo.
Artistak Gukari adierazi dionez, lau ibaitatik jasotako hondakinak izan ditu langai artelanak ontzeko orduan: Urola ibaitik, Deba ibaitik, Nerbioi ibaitik eta Artibai ibaitik. Ibaietako hondakinak erabiltzearen zergatiak zehatz mehatz azaltzeak luze joko lukeela aitortu du, baina laburpen gisa esan du proiektuak oinarrian duena paisaiaren inguruan egindako hausnarketa bat dela. "Hain zuzen ere, iruditzen zait ingurumenean ez genukeela esku hartu behar iherarkia baten arabera, baizik eta haren parte izan behar genukeela, beste zati bat, zati bat gehiago, eta inguruan topatzen ditugun gauzekin lan egin beharko genukeela".
Ibaiertzetan ordu askoz pasieran hara eta hona ibilita bildu ditu bere artelanak egiteko erabili dituen materialak, eta esan du "ustekabean" joan dela topatzen. "Ibilaldi horietan gauza askotan fijatu naiz, eta baita askotan haserretu ere, ibaiertzak zein zikin dauden ikusita".
Strauben arabera, erakusketak badu intentzio bat. "Ideia da berriz integratzea kanpoan edo bazterrean gelditu den hori, kasu honetan langai izan ditudan objetu horiek, baina horien itzulera edo asimilazio perfektua izan gabe". Hain zuzen ere, itzulera perfektua ez izate horretan egin du azpimarra. "Horrek pentsaraztera eta hausnartzera bultzatu gaitzan nahi nuke, zer den bazterrean geratze hori".
Ibilbide aberatsa
Viviane Straubek Filologia erromanikoa eta Artearen Historia ikasi zituen Alemanian eta Frantzian, eta Arte Ederrak Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Kulturaz kultur kooperatibak eskaintzen dituen Sorkuntza Bekak ekarri du artista alemaniarra Azpeitira, eta DOI izeneko erakusketa programaren zazpigarren proposamena ondu du Dinamoan egin duen egonaldian.
Alta, Azpeitia ez da izango bere erakusketa bat jasoko duen Euskal Herriko udalerri bakarra. Bilboko hainbat aretoetan ikusgai jarri ditu bere lanak, eta baita Donostia eta Donibane Garazin ere. Gainera, hainbat sari jaso ditu Viviane Straubek, besteak beste, Max Weber eta Studienstiftung des deutschen Volkes fundazioen bekak jaso zituen eta, berriki, Espainiako Ehungintza Sorkuntzako Elkartearen beka ere jaso du, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren saria ere.