Maiatzaren 15ero bezala, egun handia izan dute gaur Aratzerrekan. Baserritarren zaindaria da Aratzerrekako jaiena ere, eta haren egunean goiz-eguerdi bete-beteaz gozatu dute han elkartutakoek.
Txupinazoa bota eta aurtengo Atxur Festaren aitzurra altxatuta, meza nagusia egin dute, Urrestillako koruak lagunduta. Batzuk mezetan zeuden bitartean, festa batzordekoek lanean jarraitu dute eskola zaharraren aterpean, frontoian eman duten meza osteko hamaiketakoa pronto izateko.
Hamaiketakoaren ondoren, berriz, herri kirol erakustaldiaren txanda iritsi da. Haritz Aranguren Norde eta Olaia Esnaola harrijasotzaileek eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga aizkolariek eskaini dute kirol ikuskizuna, eta horrekin bukatu dituzte sanisidroetako lehen eguneko festa hitzorduak.
Igande arratsaldean, berriro
Datorren igande arratsaldean jarraituko dute festak ospatzen Aratzerrekan. Bereziki umeei zuzendutako ekintzak prestatu dituzte ordurako.
Hau da igandean Aratzerrekan izango duten festa egitaraua:
- 16:30. Iagomagoren saioa.
- 17:30. Umeentzako jolasak eta poniak.
- 18:30. Merienda.
- 20:00. Aitzurraren jaitsiera.