Kantu frantsesa eta gospela entzuteko aukera izango da igandean Elosiagan

Nerea Uranga 2025ko mai. 15a, 08:30

Music'O Choeur abesbatza. (Utzitakoa)

Okzitaniako Music'O Choeur abesbatzak kontzertua eskainiko du Elosiagako Luzia Donea baselizan,18:00etan hasita. Abesbatzako kide den Jose Agustin Huizi azpeitiarraren ekimenez antolatu dute maiatzaren 18ko kontzertua.

Okzitaniako Landetako Music'O Choeur ahots multzo mistoak kontzertua eskainiko du maiatzaren 18an, igandearekin, 18:00etan, Elosiagako Luzia Donea baselizan. Kontzerturako sarrera doan izango da.

Iaz sortu zuen abesbatza Audrey Droniouk, eta talde horren helburua Frantzia osoan eta Frantziako mugetatik kanpo abestea da, "poza eta emozioa zabaltzeko" eta ongintzazko elkarteei laguntzeko. Elosiagan jatorria duen eta abesbatzako kide den Jose Agustin Huiziren ekimenez egingo dute igandeko kontzertua.

Music'O Choeur abesbatzaren kontzertuko errepertorioak bi zati izango ditu, lehen erdia kantu frantsesak hartuko du eta beste zatia gospelak. Beren kantuek maitasuna, bakea eta arrazakeriaren aurkako borroka jorratzen dituzte. Huizik sortutako euskarazko kantu bat ere abestuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide