Hedabide ugariren deiak jasotzen ari dira azken asteotan Surco Interiors lantegikoak; hala azaldu dute enpresako Jon Etxanizek eta Iban Fernandezek. Enpresa itxi egin dute, eta lantegiko jarduera Galiziara lekualdatzen ari dira azken hilabeteetan; egurrezko parketak eta ate bereziak ekoizten zituzten Urrestillako Olalde industrialdeko lantegian.
Itxiera ez da, ordea, lantegia albiste izateko arrazoia. Martxoa eta apirila bitartean lau bat alditan egin dute lapurreta lantegi horretan, guztira kobrezko 4.000 kilo kable lapurtuz eta 200.000 euroko galera eraginez.
Aurreneko lapurreta aldian, ibai aldetik sartu ziren lantegira lapurrak, rotaflexarekin zuloa eginda. Orduan, 11 kableren hamabosna metro eraman zituzten, Fernandezek kontatu duenez. Bigarren lapurreta, berriz, sabaitik egin zutela kontatu du hark, hiru mila kobrezko kable eramanez. Ondorengo ekinaldietan, tailerraren alde zaharreko eta berriko txirbilaren xurgapen azpiegituretako kable guztiak lapurtu zituzten. "Hasieratik argindarrik gabe utzi gintuzten, eta elektrikari batek behin-behineko instalazioa egin bitartean, bi astez geldirik egon behar izan genuen", kontatu du Etxanizek.
Lapurretetako batean, lantegiko alarmak jo zuelako, tailerrera joan zen Etxaniz. "23:00 aldea zen. Ni tailerrera iritsi nintzenerako ertzainak han zeuden, eta lapurrek kableak eramateko prestatuta zituzten. Ertzainek esan zidaten auto susmagarri bat zegoela han inguruan eta adi egongo zirela. Goizean, lantegira itzuli nintzen, eta ordurako lapurrek aurrez prest zituzten kable denak eramanda zituzten. Hiru bat salaketa jarrita ditugu lapurretengatik, eta ertzainek esan diguten bakarra da ikertzen ari direla", azaldu du.
Surco Interiors lantegian martxoan eta apirilean lapurtu badute ere, aurrez lapurreta saiakera batzuk izan zituztela gogoratu dute. "Otsailean, Bielen lapurtzen saiatu zirenean, gure tailerrera sartuta ere ibili ziren egun argiz. Orduan, ordea, jendea ari zen lanean eta alde egin zuten".
Lapurrek egin dutena "okerra" da, baina baita haiei kobrea erosi dienaren jarrera ere, Fernandezen ustez.
Asmoak zapuztuta
Orain, jarduera Galiziara lekualdatzeko eta azken eskariei erantzuteko lanean ari dira Urrestillako Surco Interiors lantegian. Bost langile ari dira horretan.
Tailerra hustu ondoren zituzten aukerak zapuztu zaizkie lantegiaren jabekideei, ordea. Hala azaldu du Etxanizek: "20.000 metro koadrotik gorako lantegia da, mila eguzki plakarekin teilatuan. Lantegia saltzeko edota alokatzeko dago. Gure asmoa bazen jarduera berri bati ekitea eta lanpostuak sortzea bertan, baina Kantabriako eta Galiziako bazkideak ez daude lapurretek eragindako galerei aurre egiteko prest". Gaur egungo lantegiko bazkideetatik hiru besterik ez dira Euskal Herrikoak –Fernandez eta Etxaniz dira horietako bi–, gainontzekoak Kantabriakoak (Espainia) eta Galiziakoak dira.
Lantegiak berak jarduera ekonomikoren bat abiatzeko aukera ugari eskaintzen dituela diote, baina aurrena argindar azpiegitura berriak jarrita. Garbi dutena da Galiziara ez direla joango lanera. "Gure lantegitik hara eramandako makineria martxan jartzera joateko beharra badago joango gara, baina atzera Azpeitira itzultzekotan", diote biek.
Azcue y Cia zena
Gaur egun Surco Interiors lantegia dena garai batean Azcue y Cia altzari lantegia izan zen. Enpresa hori 1933an sortu eta 2012ko abenduan itxi zuten. Olalde industrialdeko lantegi hori lehiaketa prozesuan egon zen azkenetan. 2014. urtearen bukaeran, ordea, enpresa berriz martxan jarriko zutela adierazi zuten hainbat langile ohik, eta Azkue sozietate laborala eratu zuten jarduera berriari ekiteko.
Azkue berria (Muebles y Maderas de Nueva Linea SL) 2015. urteko martxoan jarri zuten martxan Azcue y Ciako hainbat langile ohik eta Kantabriako inbertsoreetako batek. Goi mailako kalitatezko zurezko parketa ekoizteko asmoarekin ekin zioten jarduera ekonomikoari, eta aurrerago goi mailako altzarigintzari heltzea zuten aurreikusita orduan. 30 langile ingururekin hasi zen Azkue berria, eta Urrestillako Surco Interiors lantegiaren azkenetan ere behargin kopuru bera aritu da bertan.