Maiatzaren 31n egingo dute Azpeitia-Gasteiz ibilbideko laugarren etapa

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 15a, 08:00

Azpeitia-Gasteiz ibilbideko lehenengo etapako irudia. (Lagun Onak MB)

Arantzazun hasi eta Leintz Gatzagan bukatuko dute Lagun Onak mendi bazkunakoek antolatutako ibilbidearen laugarren etapa. Bidean, 27 kilometro eta 900 metroko malda pilatuko dute mendizaleek. Izena emateko epea irekita dago jadanik.

Etapaz etapa, Arabako hiriburura hurbiltzen ari dira Azpeitia eta Gasteiz arteko ibilbidea zatika osatzen ari diren mendizaleak. Maiatzaren 31n laugarren etapa egingo dute: Arantzazutik abiatuko dira, eta 27 kilometro eta 900 metroko malda pilatuta, Leintz Gatzagan izango dute helmuga.

Egun osoko mendi ibilaldian, hainbat paraje ezagutuko dituzte Lagun Onak mendi bazkunak antolatzen duen egitasmoaren laugarren etapara batzen diren lagunek: besteak beste, Elgea azpialdeko basoak, Andarto inguruak, Degurixa eta Leitzgarate nahiz Makatzgain mendiak zeharkatuko dituzte.

Maiatzaren 31ko hitzorduan parte hartzeko izen-ematea ireki du Lagun Onakek; esteka honetan izango da izena emateko aukera hilaren 29ra arte. Mendi bazkuneko bazkideek hamabost euro ordaindu beharko dute txangoan parte hartzeko, eta gainontzekoek, hogei euro. Honako kontu korrontean egin beharko dute ordainketa, izen-abizenak zehaztuta: ES05 3008 0152 64 5416695822 (Rural Kutxa).

Gainera, Lagun Onakek iragarri du Rural Kutxak Azpeitian duen bulegoan ordainketa egiten dutenek ekimenerako propio ateratako kasmiseta jasoko dutela. Halaber, banketxe horretan kontua duten edo egiten duten herritarrek ibilaldiko ordaina berreskuratu egingo dute.

Honako hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:

  • Ekainak 28. Leintz Gatzaga-Otxandio –Anboto– (27 kilometro).
  • Irailak 13. Otxandio-Murgia –Gorbeia– (29 kilometro).
  • Urriak 18. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide