Palestinaren aldeko elkarretaratzea deitu du ostiralerako Elkar-ekinek

Maddi Txintxurreta 2025ko mai. 13a, 12:31

Palestinaren aldeko elkarretaratze baten irudia. (Elkar-ekin)

Taldearen arabera, genozidioaren aurkako jarrera erakusteko kalera ateratzea da herritarrek egin dezaketen gutxienekoa. Palestinari elkartasuna erakutsi eta Israelekin harreman guztiak eteteko aldarrikapenarekin bat egitera deitu du.

Palestinaren aldeko elkartasuna Sanjuandegiko biribilgunera eramango du Elkar-ekinek ostiralean 18:30ean, eta hitzorduarekin bat egiteko deia egin die herritarrei. "Genozidioa hasi zenetik" 52.000 lagun baino gehiago hil dituen Israelgo estatuarekin harreman guztiak eteteko galdegingo die instituzioei.

Azpeitiko taldeak ohar batean nabarmendu duenez, martxoaz geroztik, "Gaza erabat blokeatuta du Israelek", eta zerrendako herritarren %93 (bi milioi pertsona) gosete arriskuan bizi da. "Gazako nekazaritzarako lurren eta baliabide urrien suntsiketak ezinezkoa egiten du elikagaien ekoizpena aurrera eramatea eta kanpoko laguntza erabat murriztuta dago une hauetan", gaitzetsi du elkarteak.

Elkar-ekinek salatu du Espainiako Gobernuak armen salerosketarako akordioak dituela Israelekin 2023tik, horregatik, estatu sionistarekin "harreman guztiak eteteko" aldarrikapena ere ozenduko du ostiralean Sanjuandegiko biribilgunean.

"Espainiako Estatua eta Europar Batasuna genozidioari bide ematen ari diren honetan, kalera ateratzea eta protesta egitea da herritarrok egin dezakegun gutxienekoa", adierazi du Elkar-ekinek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide