Iazko abenduan lehen fasekoak bukatuta, joan den otsailaren erdian hasi zituen Azpeitiko Udalak Urrestillako kaleak berrurbanizatzeko bigarren faseko lanak. Aurreikusitakoa betez, hiru hilabetetan osatuko dute bigarren fase hori; izan ere, azken ukituen faltan, lan nagusiak aste honetan bukatu dituzte.
Sinberguentzako zubia eta horren ingurua berrituz dituzte bigarren fasean. Lur azpiko azpiegiturekin batera, zorua guztiz eraberritu dute. Besteak beste, autobus geralekuen guneak margotu dituzte bi noranzkoetan. Eta, hain zuzen ere, otsailaren 17tik orain arte behin-behinean Kalebarreneko aparkalekua erabili ondoren, astelehenetik aurrera zubi gaineko geralekuetara itzuliko dira autobusak.
Udalak deitutako bilera
Astelehenean bertan, baina arratsaldean, beren proposamenak zein kezkak Azpeitiko Udalari helarazteko aukera ere izango dute Urrestillan. Izan ere, bilera irekia deitu du udalak 19:00etarako, jubilatuen lokalean.
Aurrekontu parte hartzaileen prozesuaren barruko bileran jasotako iradokizuna jarraituz deitu du etzikoa udalak, jarraipen bilera gisa, horrelako elkartzeak urtean behin egitera ez mugatzeko. Herritarrek esateko dutena entzun eta jasotzeaz gain, erakundeak Urrestillarako dituen proiektuen berri emango du bileran.
Urrestillakoa ez da izango era horretako bilera bakarra. Aratzerrekan egingo dutenaren data ere aurreratu du udalak: maiatzaren 19an egingo dute, han ere 19:00etan.