Ekainaren 15erako antolatu dute Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua

Nerea Uranga 2025ko mai. 2a, 09:02

2023ko Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua. (Lagun Onak MB)

Hamasei edizioa izango du Lagun Onak MBk antolatutako ibilbideak. Aurreko aldietan bezala, bi ibilbide izango dira aukeran, bata 26 kilometrokoa eta bestea 16 kilometrokoa. Ekainaren 12ra arte egongo da ibilaldi neurtuan izena emateko aukera.

Lagun Onak mendi bazkunak XXVI. Itsasaldeko Ibilaldi neurtua antolatu du ekainaren 15erako (igandea). Bi ibilbide jarriko dituzte aukeran aurten ere: luzeak 26 kilometro ditu eta motzak 16 kilometro. Biak Izarraizko natur gunean barrena izango dira, eta Erloko gailurra izango dute gunerik altuena. Azpeitiko plazan hasiko eta bukatuko dira.

Ibilbide luzekoek 07:00etan irtengo dute Azpeitiko plazatik. Ibilbideak 26 kilometro eta 1.500 metroko desnibel positiboa du. Ibilbidearen zailtasun maila ertaina da.

Ibilbide laburrekoen irteera 08:00etan izango da Azpeitiko plazan. 16 kilometroko eta 1.050 metroko desnibel positiboko bidea egingo dute. Kasu honetan ere, ibilbidearen zailtasun maila ertaina da.

Bukaeran, partaide guztientzako paella eta sagardoa egongo dira, baita dutxa zerbitzua ere Izarraitz pilotalekuan. Antolatzaileek gogorarazi dute, ibilbide neurtuko anoa postuetan ez dela edalontzirik egongo, eta norberak arduratu beharko duela bere edalontzia eramateaz.

Izen ematea irekita

Lagun Onak MBk dagoeneko ireki du ibilaldi neurtuan izena emateko aukera www.kronoak.com webgunean. Mendizale elkarteko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dute izena emateko eta bazkide ez direnek 20 euro. Ibilaldi neurtuaren egunean bertan ere izena emateko aukera izango da 25 euro ordainduta. Kasu horretan, ordea, izena ematen duenak ez du kamiseta ziurtatuta izango.

Bi urtetik behin antolatzen du Lagun Onak MBk Itsasaldeko Ibilaldi Neurtua. 2023an egin zutenean 200 mendizale inguruk parte hartu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide