Jairo Deremachek eta Olaia Inziartek emango dituzte apirileko azken kontzertuak Sanagustinen

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 24a, 08:45

Olaia Inziarte, 'Zerrautsa' disko berriaren zabalkunderako argazkian.

Deremacheren biharko kontzertua 20:00etara aurreratu dute eta sarrera doan izango da. Bakarlari nafarra, berriz, zapatuan 22:00etan ariko da kulturgunean eta kontzertu horretarako sarrerak salgai daude Kulturazen webgunean.

Pazko Astea ixteko bi kontzertu izango dituzte aukeran musikazaleek Sanagustin kulturgunean.

Bihar, ostirala, Jairo Deremache iritsiko da Sanagustinera, Girando por Salas zirkuituaren barruko emanaldian. Flamenko-pop doinuak barreiatuko ditu Albaceteko (Espainia) abeslari eta gitarristak Azpeitiko kulturgunean, Niño de Elche eta Raul Perez de la Minarekin ekoitzi duen Casa Remache diskoa aurkezteko. 21:00etarako iragarria zegoen Deremacheren kontzertua, baina Kulturazek gaur jakinarazi du ordubete aurreratu dutela emanaldia, 20:00etara, eta sarrera doan izango dela ere bai.

Zapatuan bestelako doinuak eramango ditu Sanagustinera Olaia Inziartek. Bakarlari nafarra bakarkako bigarren albuma, Zerrautsa, aurkezteko egiten ari den biraren barruan igoko da etzi Sanagustineko oholtzara. 22:00etan hasiko da Inziarteren emanaldia, eta hura entzutera joan nahi dutenek sarrerak eskuragarri dituzte Kulturazen webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide