Datorren asteko eskulan tailerrerako eta ipuin kontaketarako izen ematea ireki dute liburutegian

Mailo Oiarzabal 2025ko api. 22a, 14:51

Maite Franko ipuin kontalaria.

Liburuaren Egunaren bueltan antolatu duten egitarauaren barruan egingo dituzte ekintzok, hilaren 28an eta 29an, hurrenez hurren. Gaurtik ostirala bitartean eman daiteke izena.

Aste Santuko oporraldia bukatuta, gaur ireki ditu berriro ateak Azpeitiko Udal Liburutegiak, eta horrekin batera, Liburuaren Egunaren bueltan antolatutako egitarauaren bi ekintzatarako izen emate epea ere ireki dute.

Bihar, apirilaren 23a, izango da Liburuaren Nazioarteko Eguna, baina Pazko Astean ez dute horrekin lotutako hitzordurik antolatu Udal Liburutegian. Aldiz, datorren aste hasieran, astelehenean eta asteartean, gauzatuko dituzte aurtengo egitarauaren azken hiru ekintzak, eta horietako bitarako aurrez eman behar da izena.

Astelehenean, apirilaren 18an, LH2ko haurrei zuzendutako eskulan tailerra egingo dute liburutegian; eta asteartean, hilaren 29an, Maite Frankok HH5eko umeei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko du. Bi hitzorduak 17:30ean hasiko dira, eta bietan tokia mugatua izango denez, parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena liburutegian.

Gaur ireki dute izen ematea, eta ostirala –apirilak 26– izango da izena emateko azken eguna; izena ematen dutenen kopuruak edukiera gainditzen badu, zozketa egingo dute. Izena emateko formulario bana jarri du Interneten Udal Liburutegiak: ondoko estekan eman dezakete izena eskulan tailerrean parte hartu nahi dutenek; eta beste honetan, ipuin kontaketan parte hartu nahi dutenek.

Literatur solasaldia

Haurrei zuzendutako bi ekintza horiez gain, Pako Aristik gidatutako literatur solasaldia ere antolatu dute datorren asterako Udal Liburutegian.

Asteartean izango da hori, 18:00etan, eta Alaitz Melgarren Josefa, neskame liburua izango dute hizpide solasaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide