Bi aste baino gutxiago falta dira herriko ikastetxeetako ikasleek Aste Santuko oporraldiari ekiteko, eta urtero bezala, Azpeitiko Udalaren Gazteria sailak haientzat ekintzak prestatu ditu opor egun batzuetarako; hain zuzen ere, apirilaren 14rako, 15erako eta 16rako. Apirilaren 6a izango da izena emateko azken eguna, eta adinaren arabera, era batera edo bestera egin behar da izen ematea.
5 eta 12 urte artekoek, hiru egunetako eskaintzarako eman beharko dute izena, hau da, eskaintza osorako. Apirilaren 14an eta 16an, 10:00etatik 13:00etara arteko ordutegia izango dute, eta apirilaren 15ean, egun osoko ibilaldia egingo dute; HH5ekoak, LH1ekoak eta LH2koak Kortezubiko (Bizkaia) Basondo animalien babeslekura joango dira; eta LH3koak eta LH4koek, Oñatiko (Gipuzkoa) Arrikrutz kobara. Hiru egunen truke, 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta izena ematerakoan egin beharko dute ordainketa. Urrestillan ere egingo dituzte ekintzak egun horietan, eta ibilaldia elkarrekin egingo dute.
12 eta 18 urteko artekoek, berriz, nahi duten ekintzetan bakarrik parte hartzeko aukera izango dute. Haientzat ere antolatu du Gazteria sailak ibilaldi bat: apirilaren 14an izango da, eta Otxandioko (Bizkaia) Hontza Xtremera joango dira. Apirilaren 15ean, goizez, ping pong txapelketa jokatuko dute; eta apirilaren 16an, goizez, mendi buelta egingo dute. Hontza Xtremera joan nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; beste bi egunetako goizeko ekintzak, aldiz, doakoak izango dira, baina parte hartu ahal izateko aurrez izena eman egin beharko da.
Izen ematea online egitea gomendatu du udalak. Hala ere, online egiteko arazoak dituztenek, Sindikatu Zaharreko 1. solairuan dagoen Gazte Informazio Bulegora jo dezakete; telefonoz dei dezakete 943-15 71 60 zenbakira; edo mezua bidali, gib@azpeitia.eus helbide elektronikora.
Izena emateko loturak
5 eta 12 urte arteko haurren izen ematea, hemen.
12 eta 18 urte arteko nerabeen izen ematea, hemen