Roman Azkuek eta Alberto Belokik jaso dituzte Sokamuturra 2025 argazki lehiaketaren sari nagusiak

Andoni Elduaien 2025ko mar. 29a, 13:58

Imanol Elias eta Iñaki Joaristi Altzarte sariak banatu ditu argazki elkarteak. Azkuek jaso du sokamuturrari lotutako sari nagusia, eta Belokik Altzarte saria. Apirilaren 20ra arte ikusgai egongo dira argazkiak Betharrameko aretoan.

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) 44. Sokamuturreko argazki lehiaketaren Imanol Elias eta Iñaki Joaristi Altzarte sariak banatu ditu gaur, zapatua, Betharrameko aretoan. Harekin batera, ikusgai jarri dute areto horretan bertan lehiaketara aurkeztu diren hemeretzi parte hartzaileek aurkeztutako lanen erakusketa.

Aurten, Roman Azkue argazkilariak jaso du sokamuturrari lotutako lehen saria, Aurrez aurre izeneko argazkiagatik. Iñaki Etxenagusia sailkatu da bigarren Panoramika izeneko irudiarekin, Ander Uria hirugarren Sardoaren arriskua izeneko argazkiarekin, Igor Froilan laugarren Ahhh argazkiarekin eta Aritz Aranbarri bosgarren Zezena 3 irudiarekin. Sarituei oroigarriak-eta ematen aritu dira udaleko eta Zezenbeltz elkarteko ordezkariak, eta Eliasen zein Joaristiren etxekoak. 

Bestalde, AAEk karnabaletako jai giroko argazki onenaren saria ere banatu du, eta aurten Alberto Belokik irabazi du, Padilla herria zurekin argazkiagatik. Guztira, hemeretzi argazkilarik aurkeztu dituzte lanak lehiaketara –horietatik bi emakumeak–, eta orotara, 133 argazki aurkeztu dituzte.

Apirilaren 20ra arte ikusgai egongo dira argazkiak Betharramen, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide