Apirilaren 12an egingo dute Azpeitia-Gasteiz ibilbideko hirugarren etapa

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 28a, 09:57

Azpeitia-Gasteiz ibilbideko bigarren etapako irudia. (Lagun Onak MB)

Zegamatik Arantzazurako bidea egingo dute apirilaren 12an Gasteiz helmuga duen mendi ibilbidean parte hartuko duten mendizaleek. Lagun Onak mendi bazkunak izena emateko epea ireki du dagoeneko.

Azpeitia eta Gasteiz arteko mendi ibilbidearen hirugarren etapa egingo dute apirilaren 12an, eta izen ematea zabaldu du jadanik Lagun Onak mendi bazkunak. Zegamatik abiatuta Arantzazurako bidea egingo dute mendizaleek egun horretan, eta aukeran izango dute Aizkorriko tontorra igo ala ez.

Lagun Onak mendi bazkunak Azpeitia eta Gasteiz arteko ibilbidea etapaz etapa egiteko erronka du aurten. Otsailaren 15ean egin zuten lehenengo etapa, Azpeitia eta Zumarraga artekoa, eta 86 pertsonak parte hartu zuen. Orduan, 30 kilometroko tartea egin zuten mendizaleek. Bigarren irteeran, aldiz, 27 kilometroko bidea egin zuten 67 lagunek, Zumarragatik Zegamara.

Apirilaren 12an egingo dute ibilbidearen hirugarren zatia eta, oraingoan, bi aukera izango dituzte mendizaleek: Aizkorriko tontorrera igo, 19 kilometrotan 1.300 metroko pilatuta, ala mendiaren magaletik doan bidea egin, 20 kilomtrotan 600 metroko desnibela eginda.

Hirugarren etapan parte hartzeko izena emateko epea ireki du Lagun Onakek, eta zabalik izango da apirilaren 10era arte. Izena ematerakoan, Aizkorriko tontorra igoko duten edo ez zehaztu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Hamabost euro ordainduko dute bazkideek eta hogei gainontzekoek.

Honako hauek izango dira Azpeitia-Gasteiz egitasmoko hurrengo etapak:

  • Maiatzaren 31. Arantzazu-Leintz Gatzaga (28 kilometro).
  • Ekainaren 28a. Leintz Gatzaga-Otxandio –Anboto– (27 kilometro).
  • Irailaren 13a. Otxandio-Murgia –Gorbea– (29 kilometro).
  • Urriaren 18a. Murgia-Gasteiz (21 kilometro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide