Auzo-taxia programaren onuradun izan nahi dutenek eskaera egiteko epea zabaldu du udalak. Lehendik onuradun direnek ere berritu egin beharko dute eskaera.
Auzo-taxia programa erabiltzeko aukera dutenak honako auzoetan erroldatuta dauden herritarrak dira: Aratzerreka, Eizagirre, Elosiaga, Izarraitz, Loiola, Nuarbe, Matxinbenta, Odria, Oñatz, Oñatzbidea eta Urrestilla. Horiez gainera, auzo horietan zaintza lanetan aritzen direnek ere onuradun izateko aukera dute, baita Gizarte Zerbitzuetatik eratorritako kasuek ere.
Auzo-taxia erabili ahal izateko baldintzetako bat 12 urtetik gorakoa izatea da, zerbitzua ezin delako eskola garraio zerbitzua emateko erabili. Udalerri barruan egindako bidaiek jasotzen dute laguntza, hau da, norbere etxetik herriaren erdigunera edo alderantziz egindakoek. Bidaia horiek Azpeitiko taxi-lizentzia izan eta Azpeitiko Udalarekin hitzarmena sinatu duten taxilariekin egin behar izaten dira.
Udalak jakinarazi duenez, orain arteko Auzo-taxi programaren ordutegiari eutsi egingo zaio: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:30era, eta larunbatetan, 09:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan egindako bidaiak ez dituzte diruz lagunduko, ezta abuztuan egindako bidaiak ere.
Eskaerak berritzeko, Azpeitiko Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzura joan behar da edo eskaera modu elektronikoan aurkezteko aukera ere badago. Informazio gehiago eta eskaera orria lotura honetan aurki daitezke.