Apirilaren 28an hasiko da mendeko pertsonen zaintzarako eta arretarako ikastaroa

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 27a, 07:45

Pertsona bat adineko beste bat zaintzen. (Azpeitiko Udala)

Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ematea ikastaroa 230 ordukoa izango da. Basazabal jauregian egingo dituzte saioak, eta dagoeneko izena eman daiteke Lanbideren bitartez.

Apirilaren 28an hasiko da Mendeko pertsonei gizarte erakundeetan gizarte eta osasun arreta ematea ikastaroa, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez. 230 orduko iraupena izango du ikastaroak, eta Basazabal jauregian egingo dituzte saio guztiak, gazteleraz.

Azken urteetan arrakasta izan du langabeei zuzendutako mendeko pertsonen zaintzarako eta arretarako ikastaroak, eta ziklo berri bat egingo dute apirilaren 28tik uztailaren 1era. Hamabost lagunentzako plaza izango da, eta izena emateko epea zabaldu dute jadanik. Lanbiden egin behar da eskaera, honako esteka honetan.

Parte hartzeko ezinbesteko gutxieneko baldintza DBHko titulua edo baliokideren bat izatea da. Halakorik ez duten herritarrek, Zabaltzen-Sartu prestakuntza-zentroak egingo duen matematikako eta gaztelaniazko funtsezko gaitasun mailako proba bat gainditu beharko dute.

Ikastaroa presentziala izango da, eta astegunetan izango dira saioak, 08:30etik 13:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide