Oscarra Oscarrentzat antzerkia Soreasu antzokian taularatuko dute igande honetan. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak lotura honetan eros daitezke.
Ane Gabarain, Mikel Laskurain, Oihana Maritorena eta Jon Plazaola aktoreek gorpuztuko dituzte Mario Hernandezek idatzi eta zuzendu duen lan honetako pertsonaiak. Ekoizpenaz, aldiz, LaMandanga Producciones eta Txalo Produkzioak arduratu dira.
Oscar Manzano zine zuzendari gaztea da antzerki honetako protagonista. Los Angelesko (AEB) motel xixtrin batean dago, Zine Akademiako Oscar sari entzutetsuak banatuko diren gauean. Laburmetrai onenaren sailean izendapena jaso du, eta Guillermo Barrientos Kultura ministroak eta Irene Navarro Ogasun ministroarekin dago motelean sartuta. Bi politikariek, baina, ezin dute elkar ikusi ere egin, eta eztabaidan dihardute etengabe, Oscar sarien ekitaldirako ordu gutxi falta direla.
Hirukoteak, gainera, Pauline izeneko 'escort girl' misteriotsu baten bisita izango du. Manzanok ez daki, baina Guillermok kontratatu du ekitaldian zinema zuzendariaren neskalagunaren plantak egin ditzan.
Lau pertsonaiok gau zoro bat igaroko dute, eta halako esperientzia eskainiko die igande honetan antzerkia ikustera joango diren lagunei ere.