Sekuoia gorriaz jardunaldia egingo dute bihar Azpeitian

Nerea Uranga 2025ko mar. 26a, 09:54

Sekuoia gorria.

Gero eta gehiago landatzen dute basojabeek eta baso kudeatzaileek sekuoia gorria. Horren inguruan hitz egiteko saioa antolatu du biharko Basoa fundazioak. 18:00etatik 21:00etara izango da, Soreasu antzokian. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Basoa fundazioaren webgunean.

Euskadiko zein Zeelanda Berriko sekuoia gorrien landaketak aztertzeko jardunaldi bat antolatu du biharko, Basoa fundazioak. 18:00etatik 21:00etara izango dira hitzaldiak, Soreasu antzokian. Jardunaldirako sarrera doan da, baina aurrez izena eman beharko da Basoa.org webgunean. Hitzaldian aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute.

Basoa fundazioak azaldu duenez, gero eta basojabe edota basoen kudeatzaile gehiagok landatzen dute sekuoia gorria (Sequoia sempervirens) basoetan. Urola Kostan, esaterako, urtetik urtera hektarea gehiago landatzen dituzte espezie horrekin, esan du Basoak. "Sekuoia gorriaren zuhaitzak oso azkar eta indartsu hazten dira, gure baldintzetara ondo egokitutako espeziea izanik. Hala ere, landaketa horietan garatu beharreko baso kudeaketa optimoa eta sortutako egurraren erabileraz ezer gutxi dakigu", azaldu dute espezie horren inguruko jardunaldiaren antolatzaileek.

Jardunaldiaren egitaraua:

  • 18:00-18:15. Aurkezpena.
  • 18:15-19:00. Sekuoia gorrriaren landaketak Euskadin. Hizlaria: Alejandro Cantero, Hazi fundazioko baso teknikaria.
  • 19:00-20:00. Sekuoia landaketak eta bere egur erabilpena Zeelanda Berrian. Paul R. Adams, Forest Growers Research Limited-eko kidea.
  • 20.00-21:00. Galdera eta erreguak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide