Distantzia erdiko duatloiko Euskadiko Txapelketan podiumaren hirugarren koskara igo zen Eider Bereziartua azpeitiarra joan den zapatuan, Zuian (Araba). Eguraldi oso txarrari aurre egin behar izan zioten kirolariek aurten ere Zuiako hitzorduan.
Maila handiko proba izan zen, baina eguraldia tarteko, parte hartzaile askok ezin izan zuten proba osatu. Bereziartuak bai, ordea. 04.07.38 behar izan zituen azpeitiarrak proba osatzeko: 15 kilometro korrika, hasteko; 70 kilometro bizikletan, jarraian; eta bukatzeko, berriz ere korrika, 7 kilometro. Horrenbestez, 11. tokian sailkatu zen emakumeen proban, baina brontzea eskuratu zuen Euskadiko Txapelketan.
Zuiakoarekin bukatu du duatloien denboraldia Bereziartuak. Orain, triatloien sasoirako prestaketan murgilduko da.
Azpiazu, taldeka txapeldun
Peñota Dental Alusigma Bizkaiko taldeko beste azpeitiarra ere, Maialen Azpiazu, podiumera igo da asteburu honetan.
Azpiazuk, Peñotako kideekin batera, hirugarren mailako taldekako duatloiko Espainiako Txapelketa irabazi du, hain zuzen ere. Albaceten jokatu zuten txapelketa hori, zapatuan.