Poza, hutsunea eta aurrera begirako indarra, Pasaiako segadaren 41. urteurrenean

Maialen Etxaniz 2025ko mar. 23a, 12:00

Atzo arratsaldean egin zuten Pasaiako segadaren 41. urteurreneko ekitaldi politikoa. Azken urteetako bereziena izan zen atzokoa. Aitortza berandu iritsi denaren arantzarekin, aurrera begira justizia lortzeko saiakeran jarraituko dutela adierazi zuten senideek. Atzoko irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da hau. 

Berezia eta senideentzat bereziki hunkigarria. Horrelakoa izan da Pasaiako segadaren 41. urteurreneko ekitaldia; izan ere, aurtengoan, gurasoak gogoan eta bidelagunak eskertuz oroitu dute sarraskiaren urtemuga, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordearen aitortza jaso duten astean. 

Sarraskiaren egun berean, Martxoaren 22an, eta larunbatez egin dute aurten  Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak oroitzeko ekitaldia, Azoka Plaza jendez lepo beteta –400dik gora herritar elkartu zen hitzorduan–- Maria Pilar Arbelaitzen hitzak gogoan hartuz hasi zuten ekitaldia, eta hitzorduak iraun zuen bitartean oso presente egon ziren Pasaiako segadan eraildakoen gurasoak.  

Eusko Jaurlaritzaren aitortza lortu egin dutela nabarmendu zuten ekitaldian zehar, eta horretarako egindako lanaren eta bidean topatutako oztopoen xehetasunak ere aletuzituzten; izan ere, trabaz betetakoa izan da Pasaiako segada argitzeko bidea. Bide horretan, jasotako babesa eta egindako lan guztia eskertu nahi izan zuten atzo ekitaldian. 

Hitzordua amaitzean, hunkituta agertu ziren Arantxa Isart eta Peio Aizpuru, Pasaiako segadan hildako bi azpeitiarren senideak. Aizpuruk aitortu zuen oraindik ez zaiola iritsi aitortza jaso izanaren poza Eusko Jaurlaritzak gurasoekin izan duen tratua tarteko. 

Aurki, Pasaian gertatutakoaren eta ondorengo lau hamarkadetan emandako pauso guztiak, informazio osoa eta dokumentazioa sarean jarriko dituzte, Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak auziari eskainitako webgunea sortu baitu. Laster jakinaraziko dituzte horren inguruko xehetasunak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide