EH Bildu bere III. Konferentzia Munizipalista egiten ari da gaur goizean Azpeitian. Soreasu antzokian ekin diote jardunaldiari ezkerreko koalizio abertzalearen kideek.
09:30etik aurrera, Hego Euskal Herriko ia 500 ordezkari joan dira iristen Soreasura, eta 10:00 pasatxoan ireki dute topaketa. Soreasuko eserlekuak beteta zeuden ordurako, eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak egin ditu anfitrioiarenak.
Alkortak etxebizitza hizpide
Ongietorria eta eskerrak eman dizkie Alkortak, EH Bilduren izenean, koalizioko alkate guztiei eta haien lantaldeei, tokian tokiko "bizilagunen ongizatea bermatzeko" egiten duten lanagatik eta "sakrifizioagatik". "Badakit zertaz ari naizen, eta badakit ez dela erraza. Badakit zuen egunerokoan oztopo asko gainditu behar dituzuela, finantza eta baliabide faltaren ondorio gehienak. Baina egiten duzue. Eta gaur eskertu nahi dizuet", esan die Alkortak EH Bilduren udal ordezkariei.
Gaurkoan EH Bilduren ordezkariek landuko dituzten gaiei dagokienez, etxebizitzaren inguruko politiketan jarri nahi izan du fokua Alkortak bere hitzaldian. EH Bilduren udalak etxebizitza eskubidea bermatzeko neurriak ezartzen aitzindariak direla nabarmendu du, batetik, Errenteriaren eta Azpeitiaren adibideak aipatuz; eta aurrerantzean ere bide beretik jarraitzeko "konpromisoa" dutela berretsi du Azpeitiko alkateak, "oztopoen, boikoten edo bidean jartzen dizkiguten arazoen gainetik", etxebizitzarena "lehentasun osoa delako" EH Bildurentzat.
"EH Bilduko alkateok eta udalok gorputz eta arima ari gara pertsonen ongizateari eta bizi proiektuei eragiten dien arazo hori konpontzeko", esan du Alkortak.
EH Bilduk Azpeitian bezala, EH Baik Angelun (Lapurdi) du gaur bilkura. Bi ekitaldiak batuz, Azpeitiko alkatearen hitzaldiaren ondoren Xabi Thicoiope EH Bairen udal politikarako arduradunaren hitzekin grabatutako bideoa eman dute.
Lantaldeen saioak
Harrera ekitaldia bukatuta, lantaldeetan eta lanerako hainbat gunetan (Dinamoan eta Basazabalen, esaterako) banatu dira EH Bilduren III. Konferentzia Munizipalistaren parte hartzaileak.
Etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta gobernantza eredua landuko dituzte, besteak beste, lan saio horietan, 13:30ean berriro Soreasun elkartu eta mokadutxoarekin jardunaldia agurtu aurretik.