Potx eta Lotx pailazoek Lagunekin topa! ikuskizun berria aurkeztuko dute apirilaren 27an, larunbatez, 17:00etan, Soreasu antzokian. Dagoeneko eros daitezke sarrerak, Kulturaz kooperatibaren webgunean, bederatzi euroren trukean.
Lan "oso berezi" batekin iritsiko dira Azpeitira Potx eta Lotx, ohar bidez aurreratu dutenez. Izan ere, bosgarren denboraldia abiatu dute oholtzetan eta, hori ospatzeko, orain arteko ibilbidean sortutako abesti kuttunen bertsiak egin dituzte Euskal Herriko hainbat pailazoren laguntzarekin.
Horrela, Lagunekin topa! ikuskizunean, Potx eta Lotxen lagun minak diren Xabi Soundek eta Izaskunek "festa erraldoi" bat antolatu diote pailazo pareari, haiei ezer esan gabe. Baina Potx eta Lotx, urduri, behar baino lehenago iritsiko dira festara. Xabi Soundek eta Izaskunek, denbora irabazi nahian, orain arteko ibilbidean ezagututako lagunak deituko dituzte pailazoak entretenitzeko asmoz, besteak beste, Rikardo Anakardo barrakeroa eta Susi azafata.
Danel Teran (Izaskun) eta Ander Murillo (Xabi Sound) aktoreek ere parte hartuko dute ikuskizunean Josu Zubiarekin (Potx) eta Itziarren Arkauzekin (Lotx) batera. Teranen esanetan, ibilbidea ospatzeko bai, baina bizitza bera ospatzeko aitzakia ere bada apirilaren 27an Soreasun lurreratuko duten antzezlana: "Gurpil ero antzerako batean bizi gara askotan, eta batzuetan ondo dago hortik irten, inguruan duguna ikusi, egindako ibilibidea errepasatu, estimatu eta hori elkarrekin ospatzeko tartea hartzea: elkarrekin topa egitea".
Gainera, Itziar Arkauzen (Lotx) arabera, lan berria "hasiera-hasieratik" pailazoen aldamenean izan diren ikusleentzat "opari moduko bat" izatea nahi dute.
"Diskorik bereziena"
Zuzeneko emanaldiaz gain, diskoa ere bada Lagunekin topa!. Zehazki, taldeak "inoiz egin duen diskorik bereziena", Josu Zubiaren (Potx) hitzetan.
Orain arteko ibilbidean sortutako abestirik kuttunenak aukeratu eta horien bertsioak egin dituzte, eta, hori gutxi balitz, Euskal Herriko pailazoen laguntza izan dute diskoa egiteko. "Bidean egin ditugun lagun guztiekin ospatu nahi genuen gure oholtza gaineko bosgarren denboraldi hau eta, horregatik, diskoan parte hartzeko gonbitea luzatu genien. Dakigula, inoiz ez da horrelakorik egin Euskal Herrian eta aspalditik genuen guztiok batu eta elkarrekin zerbait polita egiteko nahia", adierazi du Zubiak.
Besteak beste, Takolok eta Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek abestu dute Lagunekin topa! diskoan.