EH Bilduk Azpeitian egingo du larunbatean Konferentzia Munizipalista

Julene Frantzesena 2025ko mar. 18a, 11:47

EH Bilduko hainbat alkate, Konferentzia Munizipalistaren aurkezpen agerraldian, gaur. (EH Bildu)

EH Bilduk Azpeitian hitzordu garrantzitsua izango du datorren larunbatean, Soreasu antzokian: izan ere, ehunka alkate, zinegotzi eta tokiko kargu publiko elkartuko dira III. Konferentzia Munizipalistan. EH Baik ere egingo du bilkura zapatuan bertan, Angelun. Tokiko politika publikoez eztabaidatzeko eta horiek koordinatzeko baliatuko dituzte bi hitzorduak.

EH Bilduko alkate hainbatek datorren zapatuan Azpeitian egingo duten III. Konferentzia Munizipalista aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean, Donostian. EH Bilduk udalerrietan martxan dituen tokiko politika publikoez eztabaidatzeko eta horiek koordinatzeko baliatuko dute larunbateko hitzordua; ehunka alkate, zinegotzi eta tokiko kargu publikoetako ordezkari elkartuko dira Azpeitian, Soreasu antzokian.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak hartu du hitza prentsaurrekoan, eta hark azaldu duenez, "erlojuak koordinatzeko" parada izango dute Konferentzia Munizipalistan. "Etxebizitza, trantsizio ekosoziala, zaintza, gobernantza eredua... EH Bilduko alkateok gobernatzeko beste modu bat badagoela erakusten ari gara; politika publikoen erdigunean pertsonen ongizatea eta duintasuna jartzen dituen eredua". Hark esan duenez, "harro" daude horretaz, eta larunbatean bide horretan segitzeko konpromisoa berretsiko dutela esan du.

EH Bilduk Azpeitian egingo du bilkura, baina EH Bairekin koordinatuko da. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko ezkerreko independentistek larunbatean egingo dute Konferentzia Munizipalista, Angelun (Lapurdi). Han ere udaletan eta tokian-tokian garatu beharreko politika publikoez ezbaidatuko dute.

Etxebizitza, arazo handiena

EH Bilduko ordezkariek zehaztu dutenez, etxebizitzarena da euskal herritarrek eta erakundeek gaur-gaurkoz duten arazo handienetakoa. Otaegik adierazi duenez, arazo horri irtenbideak bilatzea da EH Bilduren kezka nagusiena.

Dena den, zehaztu du hori ez dela udalei soilik dagokien lana, "erakunde bakoitzari eragiten dion arazoa" delako. "EH Bilduko alkateok buru-belarri jarri gara etxebizitzaren arazoarekin lanean, eta gure aldetik dena jartzen ari gara Etxebizitza Legeak ematen dizkigun tresna berriak erabiltzeko eta gure herritarren ongizateari, bizi kalitateari eta bizi proiektuei zuzenean eragiten dien problematikari irtenbideak bilatzen hasteko".

Otaegik bi kasu aipatu ditu: Errenteria da alokairuaren prezioa mugatzeko asmoz tentsionatutako eremu izendatu duten lehen udalerria; eta Azpeitia izan da etxebizitza hutsei kanona ezarri dien lehen udala. Hain zuzen ere, gai horiez eta beste hainbatez jardungo dute solasean larunbatean, Azpeitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide