Eguerdian eguzkia eta arratsaldean euria, Loiolako San Jose jaietan

Nerea Uranga 2025ko mar. 16a, 20:25

Festak bukatzeko, herri kirol erakustaldia izan da Loiolako basilikaren aurreko zabalgunean. Euria goian-behean hasi dituzte saioak, baina bukatzerako atertu du.

Aurtengo sanjosetako festa egun nagusia gaur izan dute Loiolan. Trikiti doinurik ez da falta izan egun osoan, baina eguraldiak bi aurpegiak erakutsi ditu eguerdian eta arratsaldean. Eguerdian, eguzki printzek gozatu dute goiz hotza, eta Loiolara joan diren herritarrek artisau azoka ikusteko eta produktuak erosteko aukera izan dute.

Arratsaldean, berriz, euria goian-behean egin behar izan dute erakustaldia herri kirolariek. Hala ere, karpen babesean, aizkolarien eta harri jasotzaileen lanak lehorretik jarraitzeko aukera izan dute Loiolan bildutakoek. Aizkoran Mikel Larrañagak eta Eneko Otañok jardun dute eta harri jasotzen Olaia Esnaolak eta Lierni Osak. Erakustaldiaren bukaera aldera atertu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide