Atzo ez bezala, eguraldi paregabea izan dute gaur Loiolan San Jose festak ospatzen jarraitzeko. Atzoko mus txapelketaren ostean, bertako artisauen azoka eta haurrentzako puzgarriak izan dira gaur eguerdiko protagonistak, eta herritar ugari gerturatu da bertara.
Trikiti eta pandero doinuek girotuta, askotariko produktuak erosteko aukera izan dute herritarrek, hala nola bitxiak, kosmetika produktuak, poltsak edota garaiko jakiak. Etxeko txikienentzat, aldiz, puzgarriak jarri dituzte iaz bezala.
Eguerdiko festa giroa igarota, arratsaldean ere izango da zer gozatua Loiolan. Izan ere, 17:30ean hasita, herri kirol erakustaldia eskainiko dute Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariek nahiz Olaia Esnaola eta Lierni Osa harri-jasotzaileek. Hurrengo larunbatean, aldiz, erromeria egingo dute Loiolatxo elkartean.