Munduko Jolasen II. Topaketa izan da gaur arratsaldean Azoka Plazan, Elkar-ekinek antolatuta. Kanpoko hotzari iskin eginez, dozenaka haur eta heldu bildu dira Azoka Plazako epelera, bertan jarri dituzten hamaika jolasekin ondo pasatzera. Jolasen aukera zabala jarri dute Elkar-ekinekoek: xakea, dominoa, bingoa, Uno, Virus, Lince, Mankala, partxisa, oka, Backgammon, 4 ilaran, 3 marran, kartak, Mikadoa, damak eta abar.
Jolasaren hizkuntzatik abiatuta, herrian bizi diren hainbat komunitatetako bizilagunak elkar ezagutzeko eta elkarrekin egoteko asmoz antolatu du Elkar-ekinek Munduko Jolasen Topaketa. Jolasean ibiltzeaz gainera, txokolate eta tea beroa hartzeko aukera izan dute Azoka Plazan bildutako guztiek.