Grebaren atarian, hezkuntza publikoko langileek elkarretaratzea egin dute

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 14a, 18:50

Azpeitiko hezkuntza publikoko hainbat langile, gaur arratsaldean egin duten elkarretaratzean.

Hezkuntza publikoko irakasleek, sukaldariek eta garbitzaileek bost greba eguneko zikloa dute aurretik, eta Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolako beharginek elkarretaratzea egin dute gaur, deialdia gizarteratzeko.

Hezkuntza publikoko irakasleak eta sukaldeetako nahiz garbiketako langileak grebara deituta daude martxoaren 25erako, 26rako eta 27rako nahiz apirilaren 1erako eta 2rako. Bada, Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolako beharginak hasi dira jada lanuzteetarako giroa berotzen: gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute, beste behin, kalitatezko hezkuntza publikoa aldarrikatzeko. Hilaren 21ean, ostiralez, berriz elkartuko direla iragarri dute.

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute greba ziklo berria, urtarrilean eta otsailean egindako lanuzteei jarraipena emanez. Hainbat eskaera egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari, baina erakundeak ez ditu aintzat hartu, hainbat bider salatu dutenez. Horregatik, grebara doaz beste behin, Jaurlaritzak ondoko aldarrikapenak bete ditzan presio egiteko asmoz: lan zamak arintzeko neurri zehatzak hartzea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, plantillen gazte berritze plana berritzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta ikastetxe publikoen fusioen eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide