Datorren asteburuan hasiko dira Loiolan San Jose festak ospatzen

Julene Frantzesena 2025ko mar. 9a, 08:54

Puzgarriak jarri zituzten iazko Loiolako jaietan.

Ostiralean Mus Txapelketa egingo dute Kiruri jatetxean. Igandean, berriz, asto karrerarik ez, baina izango da zer egin: artisau azoka, puzgarriak, jolasak nahiz herri kirol erakustaldia izango dira. Hilaren 22an bukatuko dira festak, Elustondo anai-arrebek Loiolatxo soziedadean eskainiko duten erromeriarekin.

Aurten ere ez da asto lasterketarik izango Loiolako San Jose festetan, baina izango da zer eginik jaien bueltan. Izan ere, auzotarrek hainbat ekintza prestatu dituzte martxoaren 14rako, 16rako eta 22rako.

Ostiralean, 22:00etan hasita, Mus Txapelketa egingo dute Kiruri jatetxean. Igandean, berriz, 11:00etatik aurrera, bertako artisauen azoka eta umeentzako puzgarriak nahiz jolasak izango dira Loiolako zabalgunean. Honako artisau hauek izango dira beren produktuak eskaintzen: Aldaxka, Ametsen Txokoa, Amuki, Begirada Berriak, Brewery Land, Endredamakina, Harrihari, Kohpao Studio, Lamua, Mimogoxo eta Oihele.

Arratsaldean, bestalde, herri kirol erakustaldia eskainiko dute Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariek nahiz Olaia Esnaola eta Lierni Osa harri-jasotzaileek.

Festei bukaera hilaren 22an, larunbatez, emango diete auzotarrek. Hain zuzen ere, Elustondo anai-arreben eskutik erromeria egingo dute Loiolatxo soziedadean.

Hona hemen, aurtengo San Jose festetako egitaraua:

Martxoak 14, ostirala

  • 22:00. Mus Txapelketa, Kiruri jatetxean.

Martxoak 16, igandea

  • 11:00-14:00. Puzgarriak eta jolasak umeentzat.
  • 11:00-14:00. Bertako artisauen azoka.
  • 17:30. Herri kirol erakustaldia.

Martxoak 22, zapatua

  • 20:00. Elustondo anai-arrebekin erromeria, Loiolatxo soziedadean.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide