Josu Altzelai legazpiarrak irabazi du Azpeitiko Gau Txori argazki rallya

Julene Frantzesena 2025eko martxoaren 5a

Pertsona bat Soreasu antzokiaren ondoan. (Josu Altzelai)

Otsailaren 22an egin zuten rallya, eta 25 lagunek parte hartu zuten. Bigarren Adiel Zabala zestoarra sailkatu da, eta Gorka Gomez, berriz, hirugarren. Herriko lehen sailkatua Iñigo Olarte izan da.

Josu Altzelai argazkilari legazpiarrak irabazi du aurtengo Gau Txori argazki rallya. Otsailaren 22an egin zuten Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako lehiaketaren aurtengo edizioa, ohiturari segituz, kaldereroen konpartsaren desfilea egin zen egun berean.

Zita horretan 25 lagunek parte hartu zuten, gehienak Gipuzkoako hainbat herritakoak, baina bizkaitar batzuk ere izan ziren tartean. Besteren artean, honako herri hauetako argazkilariek parte hartu zuten Gau Txori rallyan: Ordizia, Donostia, Zestoa, Arroa, Legazpi, Lazkao, Muxika, Irun, Mutiloa, Urretxu, Zumaia, Arrasate, Barakaldo... Eta noski, Azpeitiko argazkilariak ere aritu ziren herrian argazkiak ateratzen.

Argazkilari horiek denek gai hauen bueltako argazkiak atera behar izan zituzten: kaldereroak, kontrapikatua, jateko tresnak, sua eta eraikina. Argazkilariek hainbat irudi aurkeztu zituzten rallya bukatzean, eta Pilar Aguayok, Fernando Anzak eta J.L.G. de Madinabeitiak osatutako epaimahaiak baloratu zituzten horiek.

Epaimahaiak hala erabakita, Josu Altzelai legazpiarra izan da nagusi rallyan, 115 puntu batuta; 150 euro eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren, berriz, Adiel Zabala sailkatu da, 104 punturekin –ehun euro eta garaikurra jasoko ditu zestoarrak–; eta hirugarrena Gorka Gomez izan da, 103 punturekin –70 euro eta garaikurra irabazi ditu–. Herriko lehen sailkatua, bestalde, Iñigo Olarte izan da, hirugarren urtez jarraian.

Argazki elkartearen webgunean ikus daitezke aurtengo sarituen argazki bildumak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide