Amianto errolda egiten hasi da udala

Mailo Oiarzabal 2025ko ots. 23a, 09:04

(Argazkia: Azpeitiko Udala)

Erakundeak kontratatutako enpresa batek herri osoko eraikinak eta eremuak ikuskatuko ditu, sei hilabeteko epean. Ondoren, eraikin publiko esanguratsuenen errolda zehatza egingo dute.

Herriko amianto errolda egiten hasi da Azpeitiko Udala. Horretarako kontratatu duen Dinam enpresako langileek herriko "eremu, eraikin eta bestelakoak" ikuskatuko dituzte, amiantoa ba al dagoen eta non dagoen identifikatzeko. Hasierako ikuskatze lanak sei hilabeteko epean egitea aurreikusi dute. "Udala 2024an zen errolda egitekoa, baina Ihoberen metodologia aldaketak tarteko, 2025era atzeratu du", azaldu du erakundeak.

Udalak zehaztu duenez, "herrigunea ez ezik, baserriak eta txabolak ere kontuan" hartuko dituzte errolda osatzeko. Ikuskaritza lanetan ariko diren langileak "arropa isolatzaileak jantzita" eta "behar bezala identifikatuta" ibiliko direla azaldu du erakundeak; enpresaren akreditazioa eta "udalaren ziurtagiri bat" eramango dituzte langileek, "garbi identifikatu ahal izateko". Langile horiek "eremu pribatuetan ez" direla sartuko ere zehaztu du udalak hasi berri dituen lanen berri ematerakoan, "baina begiz eraikin guzti-guztiak errepasatuko dituzte, publikoak nahiz pribatuak", gaineratu du.

Orain abian jarri dutena "errolda egiteko oinarrizko fasea" da. Hori osatu ondoren, "eraikin publiko esanguratsuenen errolda zehatza" egingo dute, orduan bai, "barrura sartu eta eraikinak zehaztasunez ikuskatuz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide