Azpeitiko Udalak etxebizitza hutsei ezarritako kanona abian jarri berritan –eta Euskadi osora zabal daitekeela jakinda–, etxebizitza horien jabeen eta eskuineko alderdien kexak irakurtzen eta entzuten hasiko gara. Jabetzarako eskubidearen inguruko mantra horiek guztiak, behin eta berriz errepikatu arren, ez dira zuzenak.
Lehenengo mantra, interbentzionismoari aurre egiteko, liberalismoa defendatzea da. Interbentzionismoa defendatzen dute mesede egiten dienean, baina protesta egiten dute betebeharrak edo mugak ezartzen dizkietenean. Begira nolako eztabaida piztu zen aurreko hauteskundeetan etxebizitza erosteko dedukzioaren edo kenkariaren inguruan. Ziur kenkari horien onuradun zuzenak direla interbentzionismoa kritikatzen duten askotxo. Kenkariak eskaintzea ez al da neurri interbentzionista? Pertsona horiek, gainera, beti eskatzen dute erakundeek esku hartzea, baina pizgarriak emateko bakarrik. Une jakin batean, interbentzionismo mota oro defendatzen dute gizarteak eskatzen duena lortzeko eta, orain, eskaera nagusia alokairu libreko eta izaera sozialeko etxebizitza parke bat prezio eskuragarrian egitea, etxebizitza eskuratzeko beste aukerarik ez dutenentzat.
Bigarren mantran jabetzarako eskubide mugagabea argudiatzea da, beren etxebizitzarekin nahi dutena egiteko aukera ematen diena, baita justifikaziorik gabe jenderik gabe mantentzea ere. Euskadin, Euskal Etxebizitzaren Legearen 4. artikuluan jasotako funtzio sozialak baldintzatzen du jabetzarako eskubidea. Artikulu horren 2. atalak justifikaziorik gabeko etxebizitza hutsez dihardu. Legearen artikulu horretan jasotzen dira kanonaren ezarpena, etxebizitza nahitaez alokairuan jartzeko neurria eta justifikaziorik gabe bi urtetik gora hutsik daramaten etxebizitzen espropiaziorako aukera... Neurri horiek guztiak Espainiako Konstituzio Auzitegiaren aurrean errekurritu ziren, eta auzitegi horrek neurri horien erabilera bermatu zuen. Beraz, jabetza eskubideak ez du babesten ez erabilera antisoziala, ezta merkatuko eskaintza ezaren ondorioz prezioen igoeran eragitea ere. Izan ere, justifikaziorik gabe, milaka etxebizitza huts daude.
Hirugarrenik, okupen eta inquiokupen aurrean, jabeentzat babes juridikoa aldarrikatzen dute. Ni benetako arazoak zuzentzearen alde nago, baita ezertxo ere ordaindu gabe bizitzeko legezko zirrikituetatik eta ilara judizialetatik onura ateratzen duten lotsagabeak lehenbailehen kanporatzearen alde ere. Baina, alde batetik, datuek ez dute bermatzen hedabide askok okupaziotzat (usurpazioa bizileku bortxaketarekin nahastuz) edo inquiokupaziotzat (iruzurrezkoa behar gorriaren ondorioz ematen denarekin nahastuz) definitzen duten arazoa iradokitzen den tamainakoa denik. Bestalde, egoerak bereizi egin behar dira, eta ez da guztia modu berean epaitzearen akatsean erori behar. Jabeek hiriburuak ez diren udalerrietan etxebizitza arruntak askoz prezio altuagoan alokatzen badituzte, ez al duzue uste, maizter horiek kaudimendunak balira, mailegu bat eskatu eta horrelako etxebizitza bat erosiko luketela? Kasu horietan, ziurrenik, espekulazio gordinaren arazoa dago, eta horrek alokairua ordaintzeko ezintasuna areagotzen du, beste aukerarik ez dagoelako. Jabeek konpentsazio bat jaso behar dute –eta hala aurreikusten zuen Espainiako Kongresuko Omnibus lege ospetsuak– gerora sortutako kalteberatasuna duten familiak inplikatuta daudenean (alokairu batetik bestera ordaindu gabe doazen lotsagabeengandik bereizteko modu bat izango litzateke), baina arazo horiek saihesteko modurik onena alokairu aseguru bat kontratatzea da, edo, are hobeto, etxebizitza Biziguneri lagatzea, eta horrela babestuta egongo dira okupazioen eta etxebizitzen kalteen aurrean.
Laugarrenik, plataforma honek defendatzen du kanona ezartzea porrota dela. Ez da lortu nahi den helburua, benetako helburua etxebizitza premiazko arazoak dauden tokira mugitzea baita: alokairu librera eta sozialera. Eta, horretarako, beharrezko pizgarriak erabiltzea defendatzen dugu; izan ere, kasu horretan, jabeek askatasuna dute etxebizitza nora bideratu aukeratzeko. Ez da xantaia; kanona ezartzen badiete, jabeek aukera hori aukeratu dutelako da, alokairura bideratu beharrean.
Neurri pizgarriei dagokienez, berriro diot: inplikatutako erakunde guztiek beharrezkoak diren pizgarriak martxan jartzea defendatzen dugu. Eta puntu honetara iritsita, badakigu berebiziko garrantzia izango duen atala izango dela etxebizitza asko ez mobilizatea, bizitzeko moduan ez daudelako. Bizigune Rehabilitacion izeneko programa bat sortzea proposatu dugu, birgaitzeko premia duten etxebizitzen kasuan laguntzak aurreratzeko. Emandako laguntzaren pareko urte kopurua lagako litzaioke etxebizitza Biziguneri, eta denbora horretan jabeek maizterren diru sarreren %30 bakarrik jasoko lukete. Ziur nago horrela milaka etxebizitza sartuko liratekeela Bizigune programan.
Espero dut nire iritziak eta informazioak lagunduko dizuela kanonari eta haren helburuei buruzko iritzi informatua eratzen, egiazkoak ez diren gauzak esan beharrean.