Bandera jaitsita, giro paregabean agurtu dituzte sansebastianak

Maialen Etxaniz 2025ko urt. 21a, 07:00

Sei taldek parte hartu dute festei itxiera emateko ekitaldian: Zezenzaleek, Barrenetxeak, Ilunpek, Inpernuek, Izarraitzpek eta Perdillegik. Astelehen gaua izanagatik, giro polita sortu da sansebastianak agurtzeko danborradan. 

Amaitu dira 2025eko sansebastianak; isildu dira danborrak eta barrikak, eta elkarteek gorde dituzte danborradako jantziak. Bart izan da bandera jaitsierako danborrada, eta astelehena izanagatik, herritarrek festa giro ederran agurtu dituzte urteko aurreneko jaiak. Aurten, sei taldek parte hartu dute festei itxiera emateko ekitaldian: Zezenzaleek, Barrenetxeak, Ilunpek, Inpernuek, Izarraitzpek eta Perdillegik. Elkarte horietako kideak 23:15ak jota atera dira Buztintzuriko Errebaletik plazan behera, eta ordurako jende dezente zegoen lekua hartuta, danborrada ikusteko zain. Plazatik igarota, ohiko bidea egin dute, berriro plazara iritsi arte. 

Behin plazako kokalekuetan jarrita, Koldo Aldalurrek eta Amaia San Vicentek hartu dute hitza udaletxetik. Aurtengo sansebastianak "zoragarriak" izan direla adierazi dute, bai San Sebastian bezperako danborrada, bai haurrena, baita jaitsierakoa ere. Horri lotuta, eskerrak eman dizkiete era batera edo bestela festak aurrera ateratzeko ahalegina eta ekarpena egiten duten herritar guztiei. "Batzuk ikusi egiten dira, besteak ez, baina denen ekarpena da ezinbestekoa", adierazi dute. Horrenbestez, udalaren partetik eskerrak eman dizkiete herritarrei, parte hartzaileei zein antolakuntzan aritu direnei. 

Erlojuak gauerdiko kanpaiak jotzearekin batera, San Sebastian martxaren doinuetara jaitsi dute udaletxeko bandera Nagore Alkorta alkateak eta Mikel Odriozola festa batzordeburuak. Balkoian ziren beste hainbat herritar ere, zozketari esker lekua hartuta. Martxaren doinuak amaitzean, danbor eta barrika hotsek hartu dute plaza, eta, jarraian, elkarteetako parte hartzaileek beste bost pieza eskaini dituzte. Ohi bezala, kioskoan izan dira Udal Musika Bandako kideak, sansebastianak agurtzeko hitzordua musikaz janzten.

Dagoeneko gutxiago falta da 2026ko sansebastianetarako, eta batzuek hasiko zuten atzera kontaketa. Lehenik, ordea, karnabalak. Aurten, martxoarekin iritsiko dira hurrengo festak Azpeitira. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide