Hazten eta hazten ari dira Azpeitiko sansebastianak

Nerea Uranga 2025ko urt. 18a, 15:01

Joan den astelehean Azpeitiko San Sebastian jaien aurkezpena udaletxean. (Nerea Uranga)

Bihar, igandea, gauetik danbor hotsak nagusituko dira Azpeitian. Aurten helduen danborradan inoizko parte hartze handiena izango da, 31 talderekin.

Bihar, igandea, iluntzean Azpeitiko kaleak danbor hotsek hartuko dituzte, San Sebastian bezpera izango baita. Joan den astelehean aurkeztu zuten aurtengo sansebastianetako egitaraua haur eta helduen danborradetako taldeetako ordezkariek nahiz festetako ekitaldien antolatzaileek.

Danbor festaren ordu kopurua urterokoa izango da aurten ere Azpeitian, 24 ordu pasatxokoa, baina parte hartzeak gora egingo du. Izan ere, bezperako helduen danborradan talde bat gehiago izango da aurten, Perdillegi taldea. Beraz, 31 talde izango dira aurtengo helduen danborradan; guztira, ia 1.700 parte hartzaile izango dira, inoiz baino gehiago. Gainera, Mendizaleak taldeak 50 urte beteko ditu helduen danborradan irteten.

Talde berria

Jose Artetxe kalean dagoen Perdillegi elkartea Azpeitiko soziedade zaharrenetakoa da –1960ko hamarkadaren hasieran eratu zuten–, baina bertako danbor taldea bihar estreinatuko da helduen danborradan.

2023ko elkartearen batzarrean erabaki zuten danborradako taldea sortzea, eta horretarako aurreneko pausoak ematen hasi ziren orduan elkarteko kideak. Danborradarako erabaki duten janzkerak Perdillegi elkartearen sorrerako asmoarekin ere lotura du. Izan ere, auzotarrek karta jokoan ibiltzeko toki bat izateko asmoarekin sortu zuten elkartea, eta jantziak karta sortako ezpatadunarenean oinarritu dituzte.

Bihar, igandea, 22:00etan hasiko dute danborrada Olazko Andre Mariaren Plazatik. Gauerdirako denak herriko plazan direla, herriko bandera igoko dute udaletxeko balkoian San Sebastian martxaren doinuekin, eta hainbat pieza joko dituzte ondoren.

Mendizaleek mende erdia

Mendizaleak taldeak aurten 50 urte beteko ditu danborradan, eta dagokion omenaldia jasoko du udaletxean, bandera igo ondoren.

Lagun Onak mendi bazkunak 1973ko abenduaren 16an ireki zituen lokala eta taberna, eta hilabete eskasera, San Sebastian bezperako danborradan parte hartu zuen mendizaleen taldeak. Aurreneko urte hartan, sukaldari jantziekin atera ziren, Azkoitiko Beti Poz elkarteak utzita. Bigarren aldirako, ordea, mendia eta mendizaletasuna uztartzeko, tiroldarren jantziak egin zituzten. Berrituta eta aldaketa batzuekin, baina tankera horretako arropak ditu egun Mendizaleak taldeak.

Haurren txanda, astelehenean

Astelehenean, San Sebastian egunez, berriz, haurren danborradan hamar taldek parte hartuko dute aurten ere; 500 ume inguru elkartuko dira. 12:30ean hasiko dute danborrada Aranetik eta Artzubitik, eta danbor jotzaileen atzetik Aitor Expositok diseinatutako karroza aterako dute.

Danbor jotzaileen festa San Sebastian eguneko gauerdian bukatuko dute Azpeitian, bandera jaitsierako danborradarekin. Astelehenean, 23:15ean hasiko dute danborrada Buztintzuriko Errebaletik, eta Azpeitiko Musika Bandarekin batera helduen danborradako sei taldek parte hartuko dute. Honakoak dira irtengo dutenak: Zezenzaleak, Barrenetxea, Ilunpe, Inpernue, Izarraitzpe eta Perdillegi.

Danborraden tarteetan beste ekitaldi batzuk ere izango dira: kalejirak, prozesioa, ikuskizuna, sokamuturra...

Egitaraua:

Bihar, urtarrilak 19, igandea. San Sebastian bezpera.

  • 22:00. Helduen danborrada, Olazko Andre Mariaren Plazatik irten eta herriko kaleetan zehar.
  • 00:00. Talde guztiak elkartuta, plazan danborradako doinuak joko dituzte eta udaletxeko balkoian herriko bandera altxatuko dute.

Urtarrilak 20, astelehena, San Sebastian eguna.

  • 09:00. Goiz eresia herriko kaleetan,  Izarraitz txistulari taldearekin eta Juan Antxieta musika eskolakoekin.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa danborradako taldeek, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibituen taldeak kalejira egingo dute.
  • 10:15. Udalbatza kalejiran joango da parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, herriko kaleetan.
  • 10:45. Soreasuko Sebastian Donearen Parrokian meza nagusia. Olazko Amari meza Parrokiako abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta, Javier Alberdik zuzenduta.
  • 12:00. Sokamuturra, plazan. Ganadutegia: Lopene.
  • 12:30. Haurren danborrada eta karroza, Aranetik eta Artzubiatik irtenda. Aurtengo karrozaren gaia: Azpeitiko antzinako lanbideak. Karrozaren egilea: Aitor Exposito.
  • 16:30-20:00. Sokamuturra, Alde Zaharreko kaleetan, herriko plazan eta Artzubian. Ganadutegia: Lopene.
  • 17:30. Diskopuntx jaialdia, Azoka Plazan.
  • 23:15. Bandera jaitsierako danborrada, Buztintzuriko Errebaletik abiatuta. Ibilbidea: Olazko Andre Mariaren Plaza, Goiko kalea, Donejakue kalea, Elizkalea, Enparan kalea, Erdikalea eta plaza.
  • 00:00. Bandera jaistea Udal Musika Bandarekin eta helduen danborradako sei talderekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide