Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez, Azpeitian 55 urteko gizon bat atxilotu dute genero indarkeria, droga trafikoa eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua leporatuta. Bikotekideari tratu txarrak ematen zizkiolako esku hartu zuen Ertzaintzak haiek zeuden etxebizitzan, eta hara joatean, bost kilo eta erdi marihuana, 34 gramo kokaina eta 25.000 euro inguru aurkitu zituzten eraikinean.
Joan den ostiralean –abenduak 27– izan ziren gertaerak, baina Ertzaintzak gaur –astelehena– eman du horien berri. Goizeko zortziak aldera, emakume batek Ertzaintzari jakinarazi zion bikotekideak tratu txarrak ematen zizkiola, eta une horretan bere onetik aterata zegoela eta jarrera biolentoa zuela. Adierazitako lekura –Azpeitiko etxebizitza batera– bertaratu ziren orduan Urola Kostako ertzain etxeko herritarren babeserako hainbat patruila, eta emakumeak jakitera eman zien bikotekideak iraindu egin zuela eta heriotza mehatxuak egin zizkiola; gainera, jakinarazi zien aspalditik ari zela tratu txarrak jasaten. Gizona identifikatu zutenean eta genero indarkeriako ustezko delitu batengatik atxilotuko zutela jakinarazi ziotenean, urduri eta bere onetik aterata zegoen gizonak aurre egin zien esku hartzen ari ziren ertzainei, eta bat jo ere egin zuen. Horregatik, agintaritzaren agentearen aurkako atentatuaren delitua ere leporatu zioten. Atxilotua lehenengo osasun zentro batera eraman zuten balorazioa egitera eta arreta jasotzera, zer egoeratan zegoen ikusita.
Droga trafikoa ere leporatu diote
Gizona atxilotu zuten gelan, ertzainek "marihuana usain handia zerion poltsa bat" ikusi zuten. Horren aurrean, arratsaldean bertan eta epailearen baimenarekin, aipatutako etxebizitza ikuskatu eta miatu zuten ertzainek, eta guztira bost kilo eta erdi marihuana zituzten hainbat poltsa eta 34 gramo kokaina zituen beste poltsatxo bat aurkitu zituzten. Horrez gainera, 25.000 euro inguru aurkitu zituzten esku dirutan, eta droga trafikoarekin zerikusia izan dezakeela ere uste dute atxilotuak. Urte hasieran, kalamu elkarte batekin zuen harremana zela eta, substantzia sorgorgarrien ustezko trafikoaren delitu batengatik ikertu zuten hura, eta aske geratu zen polizia eginbideak amaitu ondoren. Gaur goizean Azpeitiako epaitegira deitu dute 55 urteko gizona.