Zirkua eta gaztaina erreak, negu usaineko arratsa epeltzeko

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 15a, 10:16

Ekain Ibargurenek eta Imanol Ituiñok harmailak ikuslez beteta eman zuten ikuskizuna Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Ondoren, bertan erretako gaztainak dastatzeko aukera izan zuten guztiek zimitorioan.

Negu usaineko arrats euritsu eta ospelari aurre egiteko formula egokia aurkitu zuten atzo Urrestillan: zirkua eta gaztaina erreak, bertako festa eta herri batzordeek antolatuta.

Ekain Ibarguren pailazo eta malabaristak, eta Imanol Ituiño magoak, irriak, algarak eta txalo zartak atera zizkieten lehendabizi Txikuri pilotalekua borondatearen truke bete zuten ikus-entzuleei; sanjoanetako pilota jaialdian pare bete ziren harmailak.

Eta frontoiko ikuskizuna bukatu bezain laster, txaloekin berotutako eskuak zein sabelak gaztaina erreekin epeldu zituzten dozenaka lagunek elizako zimitorioan. Euritik ihesi, han erre zituzten atzo gaztainak, 30 kilo guztira, bi danbolinetan. Zitz eta pitz jan zituzten bertaratutakoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide