Azoka bete-betea prestatu dute herriko sortzaileek

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 14a, 14:53

Askotariko produktuak eskaintzeko hogei bat postuk bete dute gaur goizean Azoka Plaza, Gabon atariko hitzorduan. Segida izango du azokak arratsaldean, 16:30etik 20:00etara.

Arropak, osagarriak, eskulanak, jakiak, jostailuak, dekorazioa, danborrak... Horiek eta gehiago aurkitu dituzte gaur goizean Azpeitiko Azoka Plazara joan diren herritarrek. Herriko sortzaileen azoka egiten ari dira han 10:00etatik; 15:00etan itxi eta bazkaltzeko tartea hartu ondoren, artisauak eta bestelako sortzaileak 16:30ean itzuliko dira beren salmahaietara, 20:00ak arte azokarekin jarraitzeko.

Goizean, zenbait baserritarrek ere bat egin dute azokarekin, eta horrela, guztira hogei bat postuk bete dute Azoka Plazako eremua. Hasiera lasaiaren ondoren, eguerditik aurrera hasi da jendea batzen.

Analuna, Kiribil zeramika, Espiral tailerra, Olatz Aguado, Izaro Orbegozo, Keizpe, Amaia Etxeberria, A L B, Magnoli, Arruti danborrak, Erraldoiak liburua, Ametsen Txokoa, Amuki, Miara, Endredamakina, Oihele eta Marabina dira gaurko azokan parte hartzen ari diren sortzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide