Loiola hotelak Hain Gipuzkoa sarietako bat jaso du

Julene Frantzesena 2024ko abe. 4a, 08:46

Saridunak atzoko ekitaldian –ezkerretik hasita hirugarrena, Olatz Azpiazu Loiola hoteleko ordezkaria–. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Loiola hotelak ibilbide profesionalaren saria eskuratu du. Aldundiaren hitzetan, Gipuzkoan "arrasto sakona" utziz turismoari bizitza eskaini diotenei egindako omenaldia jaso du Azpeitiko ostatuak. Atzo banatu zituzten sariak Eibarren.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak Hain Gipuzkoa sariak banatu zituzten atzo. Sari horien lehen edizioan hiru enpresa saritu dituzte, tartean Azpeitiko Loiola hotela. Hotel hori kudeatzen duen Azpiazu-Iriarte familiak ez ezik, DIT Gestion enpresak eta Idiazabal Gaztaren Ibilbideak jaso dute aitortza, Gipuzkoa kalitatezko helmuga turistiko jasangarri gisa kokatzeagatik.

Loiola hotelak ibilbide profesionalaren saria eskuratu du. Aldundiaren hitzetan, Gipuzkoan "arrasto sakona" utziz turismoari bizitza eskaini diotenei egindako omenaldia jaso du Azpeitiko ostatuak. Erakundearen arabera, honako arrazoi hauengatik jaso du saria hotelak: "Hiru belaunalditan zehar kostaldeko turismoa Gipuzkoako barneralderantz dezentralizatzegatik eta garapen iraunkorrerako konpromisoa erakutsi duen familia negozioak garapen ekonomikoan eragin positiboa sustatu duelako".

Era berean, Loiola hoteleko kideek turismo sektorearen aldaketetara eta egungo eskarietara egokitzeko "etengabeko lana" egin dutela eta horretarako gaitasuna erakutsi dutela adierazi du foru diputatuak.

Hogei izan dira sarietarako hautagaiak, eta Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez, lehia "oso estua" izan da. Eibarren banatu zituzten atzo sariak, Ipurua futbol zelaian, eta han izan ziren, besteren artean, Jon Iraola Eibarko alkatea eta Amaia Gorostiza Eibar futbol taldeko presidentea, baita Azahara Dominguez foru diputatua ere.

Loiola hoteleko lantaldea. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide