Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak Gourmet Bag egitasmoa jarri dute martxan, eta Lau Bide jatetxeak parte hartuko du aurtengo edizioan.
Elikagaien xahuketa gutxitzeko eta Gipuzkoako ostalaritzan sortzen den hondakin kopurua gutxitzeko xedez, jatetxe horretan eta Gipuzkoako beste seitan ontzi berrerabilgarriak emango dizkiete bezeroei soberan geratutako janaria etxera eramateko. Ontzi horien berezitasuna da berrerabilgarriak direla, eta beraz, bezeroak jatetxera itzul ditzakeela. Jatetxeak higienizatu egingo ditu horiek, berriro erabili ahal izateko.
Jatetxe bakoitzak 25 ontzi berrerabilgarri jasoko ditu, eta paperezko 50 poltsa ere bai. Horiek banatuko dizkiete, hain zuzen, bezeroei. Kanpaina abenduaren bukaerara arte izango da martxan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Jose Ignacio Asensiok esan duenez, Gipuzkoan, urtero, 127.000 tona elikagai galtzen dira alferrik, eta horien %10 ostalaritzan xahutzen da". Horri aterabidea emateko jarri dute martxan proiektuaren seigarren edizioa, ostalaritza eredu "arduratsuagoa eta jasangarriagoa" bilakatzeko. Izan ere, Asensioren hitzetan, "onartezina da munduan milioika herritarrek gosea pasatzea eta hainbeste baliabide alferrik galtzea".