Larunbatean jokatuko da Azpeitiko Udazkeneko III. Klasika, Lagun Artea eta Urraki eskuderiek antolatuta. 55 auto aterako dira, 11:00etatik aurrera, Azpeitiko epaitegiko plazatik. Egun osoan zehar, Gipuzkoako, Nafarroako eta Arabako hainbat errepidetan barrena ibiliko dira, orotara 237 kilometroko ibilbidea osatuz, eta 19:00ak aurretik izango dira atzera epaitegi plazako helmugan.
Banan-banan irtengo dira auto klasikoak, minutu erdiko aldearekin. Urrakiko mendatean barrena 20 kilometro egingo dituzte aurrena, ondoren Berastegitik igaro eta Uitzitik barrena Lekunberrira iristeko. Han 25 minutuko atsedenaldia egingo dute parte hartzaileek. Jarraian, Aralarren 26 kilometro eta erdi korrituko dituzte, eta goizeko jardunaldia Etxarri Aranatzen amaituko dute, bazkaltzeko geldialdia eginez. Arratsaldean, Urbasatik igaro eta Agurainera joango dira aurrena, eta erlojupeko hurrengo ibilbideak Lizarrustin eta Mandubian barrena egingo dituzte. Handik Azpeitiko epaitegiaren plazara itzuliko dira, 19:00ak aurretik.
Parte hartuko duten auto gidari gehienak Gipuzkoakoak dira, baina badira tartean Arabakoak, Bizkaikoak eta Nafarroakoak ere. Autorik zaharrenak, 1970. urteko Porsche 911T-a eta urte bereko Alpine A110-a izango dira; aurrena Jose Antonio Aranetak gidatuko du, Iñaki Orbegozo kopilotu duela, eta bigarrena Jagoba Agirrek, Ekaitz Etxeberria alboan duela.
Lau horiez gainera, Lagun Artea eskuderiako gidari eta kopilotu ugari izango dira larunbateko klasikaren parte hartzaileen artean: Joxe Labaka-Joxemiel Zendoia (Citroen Visa GTI), Jorge del Cid-David Carrero (Peugeot 309 GTI 16V), Iokin Agirre-Asier Aldalur (BMW 325i E30), Josu Araneta-Jon Iturri (Porsche 911), Ion Araneta-Jon Araneta (Mercedes 190E 2.3 16 V), Jesus Listurritza-Josu Olazabal (Volvo 360), Aitor Salegi-Ioritz Garmendia (Toyota Celica), Rafael Arrieta-Andone Rey (Mazda MX5), Igor Larrañaga-Jon Leon (Peugeot 504), Aitzol Benito-Maitane Zabala (Skoda 120LS) eta Agiro Plaza-Ramon Irigoien (Opel Astra).
Halaber, Bosteko eskuderiako Iñigo Etxaniz-Izaskun Gorrotxategi (Opel Kadett GSI) bikotea ere lehian izango da. Orotara, Azpeitiko 17 bikotek eta Azkoitiko beste hiruk parte hartuko dute.
Antolatzaileen arabera, larunbateko proben ezaugarrietako bat da trafikoarentzako errepide irekian egingo dituztela, eta, beraz, "edozein ustekabek denbora galtzea eragin diezaiekela". Hori horrela, ikusleei eskatu diete, ahal den neurrian, parte hartzaileei bidea errazteko.