Azpeitiko kiroldegian jokatu dute Gipuzkoako Gimnastika Erritmiko Txapelketa

Iraia Oteiza 2024ko aza. 12a, 08:06

Eibarko, Ibarrako, Tolosako eta Donostiako klubetako 75 bat neska-mutilek parte hartu zuten txapelketan. Azpeitiko Loretoki taldeko kideak txapelketaren prestaketa lanetan laguntzeaz arduratu ziren, eta gimnastika ikuskizunez gozatzeko aukera ere izan zuten. Gimnastika emanaldietarako ez ezik, zenbait omenaldi egiteko ere baliatu zuten Gipuzkoako txapelketa.

Gipuzkoako Gimnastika Erritmiko Txapelketa jokatu zuten joan den larunbatean Azpeitiko kiroldegian. Oinarrizko mailetako kirolariak eta federatuak aritu ziren lehian han, taldeka nahiz bakarka. Azpeitiko Loretoki taldeko kideek ez zuten parte hartu, baina txapelketaren prestaketa lanetan laguntzeaz arduratu ziren, eta gimnastika ikuskizunez gozatzeko aukera ere izan zuten horiek.

Taldeka bi mailatan lehiatu ziren gimnastak: batetik, kimu, infantil, kadete eta jubenil mailetakoak; eta, bestetik, junior, senior eta lehen mailakoak. Kimu, junior eta lehen mailan Donostiako gimnastak izan ziren txapeldunak. Aldiz, infantiletan Eibarko Ipurua taldea nagusitu zen. Tolosa taldeko gimnastentzat izan ziren, berriz, kadete, jubenil eta senior mailetako sariak.

Bakarkako lanean, berriz, jubenilak soilik aritu ziren lehian. Ipuruako Maddi Teran gimnasta izan zen irabazlea; Izar Leku klubeko Leire Sanchezek lortu zuen bigarren postua; eta Belabietako Eider Lasarte izan zen hirugarrena.

Guztira, Eibarko, Ibarrako, Tolosako eta Donostiako klubetako 75 bat neska-mutilek parte hartu zuten txapelketan. Gainera, lehian aritu ziren gimnastak Espainiako txapelketan ariko dira datozen asteetan.

Omenaldiak ere bai

Gipuzkoako Gimnastika Erritmikoko txapelketa zenbait omenaldi egiteko ere baliatu zuten. Inko Oruesagasti gimnasta amezketarra omendu zuten batetik, apirilean jokatu zen oinarrizko gizonen bakarkako Espainiako txapelketan zilarrezko domina lortu izanagatik. Bestetik, Naroa Perez Donostiako klubeko gimnasta ere omenduen artean egon zen, lehen mailako Espainiako txapelketan hirugarren postua lortu izanagatik. Halaber, Tolosako oinarrizko kadete taldea ere omendu zuten, Espainiako kopan hirugarren postuan sailkatu izanagatik.

(Argazkiak: Gipuzkoako Gimnastika Federazioa).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide