Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldien hirugarren aldia egin dute gaur Azpeitian. Sanagustin kulturgunean elkartu dira 70 bat lagun, euskal kulturgintzaren transmisioa eta hedabideak gai hartuta. Ahotseneak, Bertsozale Elkarteak, EIEk, EIZIEk, Elkar fundazioak, Euskal Wikilarien elkarteak, Hik Hasik, Jakinek, Lanarteak eta UEUk elkarlanean antolatu dute hitzordua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin
Erakundeetako ordezkariek zabaldu dute goizean jardunaldia; Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotziak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak eta Gotzon Barandiaran jardunaldien sustatzaileak hartu dute hitza. Larrañagak azaldu duenez, Azpeitiko Udala saiatzen da euskarari eta kulturari lotutako egitasmoak "esku zabalik" hartzen: "Pentsa daiteke Azpeitian egoera onean gaudela euskarazko kulturgintzak herrian duen mugimenduagatik, Kulturaz kooperatiba bat daukagulako, Guka bezalako komunikabide garrantzitsu bat daukagulako, baina ez gara irla bat". Hark Gotzon Barandiarani Gukak egindako elkarrizketan esandakoa ekarri zuen gogora, ideia harekin bat egiten duela esanez. "Gotzonek esan zuen bezala, euskal kulturgintza eta euskarazko hedabideek, biek, behar dute elkar".
Datuak hainbat
Sanagustinen elkartutako lagunetako hainbatek zituzten susmoak baieztatzeko balio izan du lehenengo hitzaldiak. Izan ere, Libe Mimenza, Naroa Burreso eta Ane Martinez EHUko Nor ikerketa taldeko eta Behategiko kideek Elhuyarren Orai zerbitzuaren laguntzarekin gauzatu duten azterlanaren emaitzak plazaratu dituzte. Hain zuzen ere, horiek aztertu dute Euskal Herriko 11 hedabide digitaletan zer presentzia duen euskal kulturgintzak.
Komunikabide horiek aukeratu dituzte audientziaren, lurraldetasunaren eta hizkuntzaren arabera, eta honako hauek dira: Berria.eus, Argia.eus, Alea.eus, Anboto.eus, Goiena.eus, Kazeta.eus, Naiz.eus, Elcorreo.com, Diariovasco.com, Noticiasdenavarra.com eta Eitb.eus. Adimen artifizialak lagunduta, 11 hedabide horietako Kultura atalak aztertu dituzte, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra argitaratutako eduki guztiak. Orotara, 24.246 kultur eduki landu dituzte komunikabide horiek urtebeteko epean; eduki horien %35,1 euskaraz eta %61,9 gaztelaniaz. Izan ere, azterketarako baliatu dituzte komunikabideetatik sei elebidunak dira.
Datu zaparrada ikaragarria jaso dute ikerlariek eta gaur horietako asko aletu dituzte Sanagustinen. Izan ere, kultur edukien kopurua ez ezik, kultur diziplinen gaineko datuak, hizkuntzarekin erlazioa dutenak nahiz sortzaileei lotutakoak ere azaldu dituzte. Besteren artean, azterlanak agerian utzi du diziplinen ikusgarritasunak duen oreka falta, baita sortzaileen arteko desoreka ere. Adibidez, musikariak dira, oro har, hedabide horietan leku gehien dutenak, eta bertsolariek gutxien. Bestalde, euskaraz sortzen duten kulturgileak presentzia askoz ere gehiago dute euskarazko hedabideetan, eta hedabideen gaztelaniazko bertsioetan oso baxua da euskaraz sortzen dutenek daukaten lekua –euskarazko hedabideetan 10etik 6 dira euskaraz aritzen diren sortzaileak, eta elebidunetan, berriz, 10etik 4–. Sortzaileen presentziari lotutako zerrenda ere osatu dute, eta esanguratsua da ikertutako hedabideetan gehien agertzen diren 30 sortzaileetatik ia erdiak baino ez direla euskara hutsean aritzen; 14, zehazki. Emakumeak, berriz, 30etik 12 dira. "Sortzaile erdaldunak ageri dira, batez ere, hedabide elebidunetan, eta euskarazko hedabideetan, berriz, euskarazko sortzaileak ageri dira zentroan", esan du Mimenzak.
Kultur paisaia desberdinak
Ondorio oso argigarriak atera dituzte ikerketaren egileek, eta joeretan berretsi dira horiek. Izan ere, Mimenzak azpimarra egin duenez, euskarazko hedabideen eta hedabide elebidunen kultur paisaiak "oso desberdinak" dira. Haren hitzetan, euskarazko komunikabideek euskarazko kulturgileak gehiago erakusten dituzte diziplina denetan, eta elebidun batzuetan euskarazko eta erdarazko kulturgintza parez pare jartzen badituzte ere –EITBren kasua aipatu du–, oro har, euskarazko kulturgileak "ukatuak dira edo ia-ia karikaturara hurbiltzen den zerbait" dira. "Trakzio lana egiten dute batzuek, eta besteek galgarena".
Euskal Herriko hedabideak kanpoko kulturaren zabaltzaile direla ere ondorioztatu dute ikertzaileek. Izan ere, datuak aletzerakoan gutxiengoak-eta kontuan hartzerik izan ez badituzte ere, aztertutako euskal hedabideetan %40,9 baino altuagoa da kanpoko kulturgileen presentzia. "Euskal Herriko hedabideak, batez ere elebidunak, kanpoko kulturaren zabaltzaile dira". Horrez gain, transmititzen ez den kultura bat ez dagoela hautatzerik azpimarratu dute. "Elebitan aritzen diren hedabideetan badago euskal kultura jasotzen ari ez den publiko potentzial bat".
Gainera, beste ideia bat ere nabarmendu dute: errealitatea aldatu egin dela eta euskal hedabideak kartografia zaharretan ari direla. Mimenzak esan duenez, komunikabideek ez dituzte beren gaur egungo audientziak ezagutzen, eta duela 40 urteko errelitate soziolinguistikoa kontuan hartuta gauzatzen dute beren jarduna. Haren arabera, datuen kultura falta da. "Garaia da komunikazio sistema, kultur sistema, orainetik gerora proiektatzeko: garena kartografiatzen hasi behar dugu, 'kultura hila' baino 'kultura bizia' gailendu dadin". Mimenzak Olaia Inziarte aipatu du, sortzaileek zerrendan hura ageri zelako, eta haren abesti baten hitzak ekarri ditu gogora: "'Azken ordua balitz, atea nori ireki pentsatzen ari naiz'". Gu, igoal, hor gaude eta atea nori ireki erabakitzea dagokigu".
Ikerketaren emaitzen ondotik, mahai ingurua egin dute hainbat lagunek. Komunikazioan eta kulturan, bietan ala bietan aritzen diren edo aditu diren hiru lagunek osatu dute solasaldia: Iñaki Etxaleku, Ane Zuazubiskar eta Josune Velez de Mendizabal aritu dira hizketan. Arratsadean, berriz, kultur kuotak izango dituzte hizpide. Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea eta Pol Cruz-Corominas Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko aholkularia ariko dira solasean.