110 herritar artatu ditu urtebetean Azpeitiko Udalaren psikologo zerbitzuak

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 19a, 09:55

Luis Legorburu psikologoa da udal zerbitzua ematen duena. (Mailo Oiarzabal)

"Balorazio oso positiboa" egin du erakundeak, eta hainbat datu eman ditu. 18 urtetik gorako herritarrei zuzendutako doako zerbitzua "beharrezkoa zela" erakusten dute datu horiek, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren ustez.

Herritarren artean gero eta gehiago sumatzen zuten "ondoez emozionala" eta horren ondorioak baretzeko helburuarekin, 18 urtetik gorako herritar orori zuzendutako doako psikologo zerbitzua jarri zuten martxan duela urtebete Azpeitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuetan. Lehen urtea igarota, zerbitzuaren balantzea egin nahi izan du udalak, izandako harrerarekin eta egindako lanarekin gustura.

Psikologo zerbitzuaren lehen urtearen "balorazio oso positiboa" egin du erakundeak, "harrera oso ona" izan duelako, eta hainbat datu eman ditu. Gainera, zerbitzua "beharrezkoa zela" erakusten dute datuek, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren ustez. Iazko urritik gaur arte, 110 herritar artatu dituzte zerbitzuan. "Horietatik bostek bakarrik utzi dute esku hartzea, eta gainerako guztiek hasitako lanketa amaitu egin dute. Gaur egun, 24 erabiltzaile ditu zerbitzuak", azaldu du udalak.

Luis Legorburu da udalaren psikologo zerbitzuaren arduraduna, eta artatu dituen herritarrek zerbitzura jotzeko arrazoiez eta arazoez hitz egin du: "Gehienak familia arazoengatik etorri dira: bikote arazoak, anai-arreben artekoak… Enplegu arazoengatik etorri direnak ere asko izan dira. Horrez gain, eta nire ustez nabarmentzekoa da, jende dezente etorri da badakielako zerbait gertatzen zaiola, baina ez dakielako zer". Erabiltzaileen adinari dagokionez, "40-50 adin tartekoak etorri dira gehien, baina 18-25 artekoak ere %21 izan dira, eta hori pozgarria da, prebentzioaren arloan kokatzen delako zerbitzua", nabarmendu du Legorburuk. Erabiltzaileen sexuaren datua deigarriagoa da, harrigarria baino: zerbitzura jo dutenetatik %70 inguru emakumeak izan dira. "Ikusten da aldaketa bat pixkanaka, baina gizonak normalean medikuak bideratuta etortzen dira. Buruko minarekin edo tripako minarekin hasten dira, lanketa bat egiten da, eta ikusten bada zerbait emozionala dagoela tartean, medikuak niregana bideratzen ditu", azaldu du psikologoak.

Osasun zerbitzuekin koordinaduta eskaintzen du psikologo zerbitzua Azpeitiko Udalak. Horrela, medikuak bideratuta iristen dira erabiltzaile batzuk udal psikologo zerbitzura; beste batzuk, berriz, Gizarte Zerbitzuen sailaren bidez iristen dira Legorbururengana; baina zerbitzua baliatzea nahi dutenek zuzenean eska dezakete txanda, Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 zenbakira deituta. Hain zuzen ere, "pozik" agertu da Legorburu, "gero eta gehiagok eskatzen dutelako txanda zuzenean". Prebentzioaren eta zaintzaren ikuspuntutik antolatu zuen udalak psikologo zerbitzua. Hori kontuan hartuta, Legorburuk uste du "oso garrantzitsua" dela "berehalako arreta bermatzea": "Norbaitek txanda eskatzen duenean, lehenbailehen jartzen gara harremanetan, eta lehen txanda ere hamabost egun baino lehen ematen zaio eskaera egin duenari". Oro har, sei saiotakoak dira udalaren doako psikologo zerbitzuan eskaintzen dituzten esku hartzeak.

Udalaren apustua

"Zerbitzu berri bat da, apustu bat egin genuen iaz, baina datuek erakusten dute beharrezkoa zela", berretsi du udal arduradunen satisfakzioa Goenaga batzordeburuak.

Urtebete bete duen eta lanean jarraituko duen psikologo zerbitzuaz gain, udalak herritarren ongizate emozionala zaintzera bideratutako zerbitzu eta baliabide gehiago ere badituela ekarri du gogora Goenagak, hala nola familientzako eta nerabeentzako orientazio zerbitzua. "Arlo fisikoa zaindu beharraren garrantzia inork ez du zalantzan jartzen, baina arlo emozionalari ere eman behar diogu daukan garantzia, eta baliabideak jarri behar ditugu horretarako, emozionalki ondo ez dagoen pertsona batek nekez izango duelako bizi kalitate on bat", dio Gizarte Zerbitzuen buruak. Erakunde arteko "elkarlana" ere azpimarratu nahi izan du Goenagak: "Osakidetzak berak bideratzen ditu kasuak psikologo zerbitzura, eta erakundeon arteko elkarlan hori benetan aberasgarria dela esango nuke".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide