Trikigiro Egunak inoiz baino gehiago hedatu ditu tritiki eta pandero doinuak

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 19a, 09:18

Urola bailarako 200 bat soinu eta pandero jotzaile elkartu ziren atzo arratsalde-iluntzean Azpeitian, urteroko festa giroa sortzeko eta gozatzeko. Alde Zaharrean ez ezik, herriko beste kale eta plaza batzuk ere girotu dituzte aurten.

Urriko hirugarren ostiraleko arratsaldea eta iluntzea festa giroz jantzi zituzten atzo dozenaka trikitilarik eta pandero jotzailek. Ia sorreratik usadio bihurtu zen hitzorduaren bederatzigarren aldian, Urola bailarako trikitilariek eta pandero jotzaileek Trikigiro Eguna ospatu zuten atzo, izen bereko elkarteak antolatuta.

200dik gora elkartu ziren, irakasle eta ikasle, adin guztietakoak. Gaztetxoenen meriendarekin hasi zuten festa, Sanagustin ondoko parke estalian. 19:00etatik aurrera, berriz, multzoka banatuta, kalez kale ibili ziren, inoiz baino bazter gehiago girotuz. Izan ere, hori izan da 2024ko Trikigiro Egunaren berezitasuna. Aurrekoetan, Sanagustinen edo Sanagustinpean ikasleen emanaldiekin hasten zuten hitzordua, eta gero, plazatik Perez Arregi plazaraino eta bueltan egiten zuten kalejira, bidean Plaza Txikia eta Erdikalea bakarrik igarota. Aurten, trikiti eta pandero hotsak, Alde Zaharreko kale gehiagotara ez ezik, herriko beste kale eta plaza batzuetara ere barreiatu dituzte.

Taldeka eta kalez kale ibili ondoren, 20:00etan plazan taldeko argazkia atera, eta urteroko kalejira bateratu jendetsua egin zuten jarraian. Gauean jarraipena izan zuen festak Sanagustin kulturgunean, 160 lagun elkartu zituen afariarekin eta ondorengo erromeriarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide