Zabalik da abuztuaren 1eko kuadrillen arteko olinpiadetarako izen ematea

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 27a, 09:00

Hainbat gazte aulki jokoan iazko uztailaren 30ean, txosnen irekieran. (Aitziber Arzallus)

Bihar, igandea, 17:30etik 20:30era plazan jarriko duten mahaian eman ahalko da izena, bazkarirako txartelak eskuratu daitezkeen toki berean. Horrez gain, Haginpe tabernan edo Haujijijairen Instagrameko kontura idatzita ere eman daiteke izena olinpiadetan parte hartzeko. 

Parisen atzo inauguratu zituzten Olinpiar Jokoak; eta Azpeitian, aurten lehendabiziko aldiz, kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte abuztuaren 1ean, Haujijijaik antolatuta. Oraingoz aurreratu duten gauza bakarra da Frontoi Txikian izango direla, 18:00etan hasita; taldeek gutxienez hiru lagun eta gehienez sei izan beharko dituztela; eta txapelketak sailkapen fasea, final erdiak eta finala izango dituela.

Kuadrillen arteko lehendabiziko olinpiadetan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, eta hiru bide dituzte horretarako: bata da bihar arratsaldean, 17:30etik 20:30era, plazan jarriko duten mahaira bertaratzea; bestea, Haujijijairen Instagrameko kontura idaztea; eta azkena, Haginpe tabernan izena ematea. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide