Santio eguna ospatzen dabiltza dagoeneko Azpeitian

Intza Trula 2024ko uzt. 25a, 12:00

Pilota txapelketako finalak ari dira jokatzen Izarraitz pilotalekuan, eta nafartasunari gorazarrea egiteko elkartu dira hainbat herritar plazan. Orain, Euskadiko 27. Blonda Txapelketaren, 24. Ardi Gazta Lehiaketaren eta 50. Sagardo Txapelketaren aitzakian festa giroa da nagusi plazan.

Eguraldi makurrarekin esnatu dira gaur Azpeitian, baina dagoeneko giroa bero-bero dago plazan zein herriko kaleetan. Santio eguna ari dira ospatzen, eta ohi bezala, jan-edanerako, dantzarako eta parrandarako aukera izango da herrian egun osoan zehar.

10:00etatik, Ilunpekoen 39. Cesar Valverde pilota txapelketako finalak ari dira jokatzen Izarraitz pilotalekuan. Horrez aparte, 10:30ean hasi da goizeko ekitaldi nagusia: nafartasunari gorazarrea egin diote zenbait herritarrek, Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta. Ekitaldi nagusiaren barruan, Urolako Napar Zuzterrak taldeak aitortza egin dio Azpeitiko Udalari, Habitat erakusketaren harira instituzioak erakutsitako "babesagatik eta prestutasunagatik". Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak jaso du oroigarria, Nabarralde fundazioko Iñigo Larramendiren eskutik.

Orain, Euskadiko 27. Blonda Txapelketa, 24. Ardi Gazta Lehiaketa eta 50. Sagardo Txapelketa ari dira jokatzen plazan, eta bertaratzen direnek txekor errearen, hegaluzearen eta gaztaren pintxoak dastatu ahal izango dituzte, musikarekin girotuta. 

Honakoa da gaurko egitaraua:

  • 11:00. Euskadiko 27. Blonda Txapelketa.
  • 11:00. 24. Ardi Gazta Lehiaketa.
  • 12:00. 50. Sagardo Txapelketa, eta txekor errearen, hegaluzearen eta gaztaren pintxoak, plazan.
  • 12:00. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak eta Xebastian Lizaso aurkezle.
  • 12:00. Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariak, plazan. 
  • 12:30. Kanjurirakoen saioa, sanagustin kulturgunearen ataritik hasita.
  • 18:00. Errekortari txapelketa, Zezen Plazan.
  • 18:30. Marieta Zirkus ikuskizuna, Done Jakue kalean.
  • 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik abiatuta kalerik kale.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide