Saninazioetan egunero mobilizatuko dira Azpeitian zezenketen kontra

Mailo Oiarzabal 2024ko uzt. 24a, 16:27

Zezenketen kontrako elkarretaratzea, iazko San Inazio bezperan. (Aitziber Arzallus)

Zezen plaza aurrean elkarretaratzeak deitu dituzte animalistek hiru zezenketeratako. Horrez gain, San Inazio bezperako txupinazoan plazan elkartuko dira, eta tauromakia kultur ondare gisa arautzeko legearen kontrako sinadurak bilduko dituzte elkarretaratzeetan.

Zezenketen kontra inoiz baino mobilizazio gehiago deitu dituzte aurten saninazioetarako animalistek. Oinatz elkarte animalistak eman du datorren asterako prestatu dituzten deialdien berri, eta uztailaren 30etik abuztuaren 2ra, saninazioetako lau egunetarako deitu dituzte protestak.

Ohi bezala, hiru zezenketa izango dira saninazioetan –uztailaren 31n, eta abuztuaren 1ean eta 2an–, eta hiru egunetarako deitu dituzte animalistek ordubeteko elkarretaratzeak zezen plaza aurrean, 17:30etik 18:30era. Baina uztailaren 30ean, San Inazio bezperako txupinazoan, egingo dute aurten lehen protesta zezenketen kontrakoek. 11:30ean Perez Arregin elkartu, eta handik plazara joateko deia egin du Oinatzek datorren astearterako.

Sinadura bilketa

Maiatzean egindakoarei jarraipena emanez, tauromakia kultur ondare gisa arautzeko legearen kontrako sinadurak biltzeko ere baliatuko dituzte animalistek aurtengo saninazioetako elkarretaratzeak.

Oinatz elkarte animalistak "denak gonbidatu" ditu bai elkarretaratzeetan parte hartzera, bai sinadurak ematera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide