Beti bezain egitarau oparoarekin eta momentuko euskal talde arrakastatsuenekin datoz aurtengo festak

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 23a, 12:18

Aurtengo festen antolakuntzan ibili diren herriko eragileen ordezkariak eta udalaren ordezkariak atzo arratsaldean, herriko plazan. (Maialen Etxaniz)

Udalak azaldu du azpeitiarrei aukera eman nahi diela "uneotan jende gehien mugitzen duten euskal taldeak herriko plazan eta doan ikusteko", eta horretan aparteko ahalegina egin duela aurten. Horrez gain, aurtengo berrikuntza nagusia da txupinazioa azokako ekoizleek botako dutela, herritarrek hala aukeratuta. Eta indarkeria matxistari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina berria ere prestatu dute, Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie lelo hartuta.  

Ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta herriko festak hasteko, eta udala zein eragileak azken orduko prestaketetan buru belarri dabiltzan honetan, atzo, astelehena, aurtengo santioak eta saninazioak ofizialki aurkezteko taldeko argazkia atera eta agerraldia egin zuten udaletxean.    

Programa esku artean, aurtengorako ere egitarau zabala prestatu dutela adierazi zuen Nagore Alkorta alkateak, eta nabarmendu zuen horixe dela azpeitiarrek aurretik dituzten festen ezaugarrietako bat. "Agian egitarau guztia ez zaigu gustatuko, baina gustuko dugun zerbait herritar guztiok aurkituko dugu". Santioak eta saninazioak "kalean egoteko festak" direla esan zuen, kalean jai giroak ez duelako etenik izaten. "Egia da festa hauek badutela puntu formal bat ere, baina eragileek egiten duten lanari esan, esan dezakegu urtetik urtera geroz eta festa parte hartzaileagoak bihurtzen ari direla". Zentzu horretan, bereziki pozgarritzat jo zuen aurten txupinazoa herritarrek botatzea, baita txupinazoa botako dutenak azokako baserritarrak izatea ere. "Merezi duzuen aitortza jasoko duzue", esan zien agerraldira bertaratu ziren ekoizleei. 

Ondoren, Mikel Odriozola Festa batzordeburuak hartu zuen hitza, festetako egitaraua xehatzeko. Egunez egun egongo diren ekitaldirik nabarmenenak aipatu zituen hark, baina, batez ere, antolatu dituzten kontzertuei egin zien azpimarra. "Izen handiko euskal taldeak ekartzeko apustua egin dugu", adierazi zuen, horiek zerrendatu aurretik. Uztailaren 27an, ETSk joko du plazan; uztailaren 30ean, Tapia eta Leturia Bandek Olazko Amaren Plazan; uztailaren 31n, Izarok plazan; eta abuztuaren 1ean, Zetakek plazan. "Gaur egun jende gehien mugitzen duten euskal taldeak ekarri nahi izan ditugu, eta azpeitiarrei aukera eman talde horiek herriko plazan eta doan ikusteko".

Plazako eszenatokia tokiz aldatuko dute

Kontzertuei lotuta, bada berrikuntza bat; izan ere, plazan egoten diren txosna eta eszenatokia tokiz aldatuko dituzte aurten. Txosna egoten zen lekuan jarriko dute agertokia, eta agertokia egoten zen lekuan txosna. Modu horretara kontzertuak jende gehiagok ikusi ahalko dituela zehaztu zuen Odriozolak. Iaz bezala aurten ere, irisgarritasun arazoak dituzten herritarrek kioskotik ikusi ahal izango dituzte kontzertuak.

Bestelako hainbat kontu ere nabarmendu zituen Festa batzordeburuak atzoko agerraldian, besteak beste, Santio eguneko Sagardo Txapelketa, aurten 50 urte beteko dituelako. "Urteurrenaren harira, dastaketa bat egin genuen aurreko astean, eta oso ondo joan zen" Horrez gain, gazta lehiaketa, blonda lehiaketa, Cesar Valverde pilota txapelketaren finalak eta errekortari txapelketa ere izango dira Santio egunean, eta baita euskaltasunari gorazarre egiteko Napar Zuzterrakek antolatu dituen ekitaldiak ere.

Umeen Eguna uztailaren 27an izango da, larunbatez. "Iaz, hauteskundeen eraginez, igandetik larunbatera pasatu genuen, eta aurten horrela mantentzea erabaki dugu". Erraldoien desfilea eta haurren bazkaria izango dira egun horretako ekitaldi nagusienak.

Barraken Eguna, berriz, uztailaren 29an izango dela aurreratu zuen Odriozolak. Barrakei lotuta, aurten ere egunero egongo dira musikarik gabeko orduak, entzumen  hipersentikortasuna duten herritarrei barreketan ibiltzeko aukera emateko, eta ilaretan egoteko arazoak dituzten umeentzat ordutegi bereziak ere ezarri dituzte: uztailaren 26an 16:00etatik 17:30era, eta uztailaren 28an 11:00etatik 12:30era.

Odriozolak berrikuntza gisa aipatu zituen baita saninazio bigarrenean egingo dituzten kuadrillen arteko olinpiadak, eta horrez gain, nabarmendu zuen egun horretan egiten den bakailao txapelketaren osteko bazkaria indartzeko ahalegin berezia egin dutela. Bi ekimen horiek eta beste hainbat Haujijijaik antolatu ditu aurten ere, eta mugimendu horrek egiten duen lana txalotu zuen Festa batzordeburuak.

Gainontzean, San Inazio eguneko egitaraua urtero bezain zabala izango dela azaldu zuen, eta saninazio bigarrenean agintari politikoen bisita espero dutela.

Indarkeria matxistaren kontra kanpaina berria

Idurre Zabaleta Parekidetasun zinegotziak hartu zuen hitza jarraian, jaien atarian abiatuko duten sentsibilizazio kanpainaren berri emateko. "Azken urteetan, Nik xinisteñat lelopean hainbat euskarri sortu ditugu: triptikoak, kartelak, protokoloak, eskuorriak, txartelak... Aurten, aldiz, pauso bat harago joan gara, eta leloa aldatu dugu: Danok eo iñorrez. Danona da festie, danona da ardurie izango da leloa". Leloarekin batera, fokua ere aldatu egin nahi dutela zehaztu zuen Zabaletak: "Alde batetik, festa gozagarriak lortzeko ardura denona dela gogorarazi nahi izan dugu, fokua gizonengan ere jarriz, festa gozagarriak eta parekideak lortzeko haien parte hartze aktiboa ere behar dela azpimarratzeko. Bestalde, espazio publikoan eta festaguneetan deseroso zeintzuk eta zergatik dauden azaleratu nahi izan dugu. Ertzetara begiratu nahi izan dugu, baina baita erdira ere, ardurak hartzea denoi dagokigula gogorarazteko".

Hain zuzen, lelo orokorraz gain, beste lau azpilelok osatuko dute kanpaina hori, eta horietako bakoitzak ideia bati egingo dio erreferentzia: gizonkeriari, LGTBI+ kolektiboari, zaintzari eta etxeko lanei eta tratu onei. Honako hauek izango dira leloak: Gizon portau? Portau hai, gizon; LGTBI+ pertsonena bat bizi leike eroso Azpeitiyen?; Zeinek garbitu ditu gaurko bazkaiko platerak?; Gozau festie. Zuk ta bestiek. Hiru Damatxo kolektiboko kideak izan ditu udalak bidelagun ideiak eta leloak osatzeko, eta Paula Estevez arduratu da diseinu lanez. Horiez gain, Emakumeen Mahaiak ere parte hartu dukanpainan. "Festen atarian, herrian sentsibilizazioa sustatzea eta tratu onetan oinarritutako festa gozagarri eta parekideak lortzea da helburua. Dena den, sentsibilizazio kanpainaren hasiera baino ez da izango saninazioetarako prestatutakoa. Festaz festa kanpainari elementu berriak eransten eta kanpaina elikatzen joatea da helburua", adierazi zuen Parekidetasun zinegotziak. Ohi bezala, indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du udalak uztailaren 30ean, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean.

Baserritarrak urduri, baina eskertuta

Azkenik, azokako baserritarren ordezkari gisa, Idoia Leonetek hartu zuen hitza. Udalari eta herritarrei eskerrak emanez hasi zen, eta txupinazorako hautagaien artean egotea sorpresaz hartu zutela adierazi zuen. "Hasieran, harritu egin ginen, eta irabazi genuela jakin genuenean, urduritu. Baserritarrok askotan sentitu izan gara ikusezin, bakoitzak geure etxean lanean pasatzen ditugulako egunak dituen ordurik gehienak. Horregatik, herritarrek gu aukeratu izanak ustekabean harrapatu gintuen. Behin erabakia jakin genuenea, bilera batzuk egin genituen txupinazoa nork botako duen erabakitzeko". Iragarri zuen lau baserritar arduratuko direla txupinazoa botatzeaz, baina azokako ekoizleen ordezkaritza zabala izango dela udaletxean hilaren 30ean. 34 ekoizle etortzen dira asteartetan azokara, eta hamar ostiraletan. Ostegun, ostiral eta larunbat goizetan etortzen denik ere bada.

Egitaraua, egunez egun:


Uztailak 24, asteazkena.
- 19:00. Kodaore judo taldearen erakustaldia, plazan.
- 20:30. Santio kaleko auzotarren afaria, DJ Urbietak girotuta.

Uztailak 25, osteguna. Baserritarren Eguna.
- 10:00. Ilunpekoen 39. Cesar Valverde pilota txapelketako finalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 10:30. Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen goiz eresia.
- 10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazan. Urolako Napar Zuzterrak antolatuta.
- Ondoren, kalejira, Erdikaletik plazara. Plazan, bertsoak, kantak eta ohorezko dantza.
- 11:00. Euskadiko 27. Blonda Txapelketa.
- 11:00. 24. Ardi Gazta Lehiaketa.
- 12:00. 50. Sagardo Txapelketa, eta txekor errearen, hegaluzearen eta gaztaren pintxoak, plazan.
- 12:00. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia eta Ekhiñe Zapiain bertsolariak eta Xebastian Lizaso aurkezle.
- 12:00. Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilariak, plazan.
- 12:30. Kanjurirakoen saioa, sanagustin kulturgunearen ataritik hasita.
- 18:00. Errekortari txapelketa, Zezen Plazan.
- 18:30. Marieta Zirkus ikuskizuna, Done Jakue kalean.
- 18:30. Jainekin txaranga, Landeta auzotik abiatuta kalerik kale.

Uztailak 26, ostirala.
- 15:00-19:00. Ur parkea haurrentzat, Esklabetan.
- 18:30. Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, plazan.
- Ondoren, parrillada.
- 22:00. Azpeitiko Musika Bandaren pasodobleen kontzertua, plazan.

Uztailak 27, larunbata. Umeen Eguna.
- 11:00. Goiz eresia eta korporazio txikia, Itsasi dantza taldeak eta Luis Beltza dantza suelto eskolak antolatuta eta JUan Antxieta musika eskolako txistulariekin eta banda gaztearekin.
- 12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.
- 13:00. Erraldoien desfilea.
- 14:30. Herriko haur eta gaztetxoekin bazkaria, plazan.
- 15:30. Haurrekin jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean.
- 19:00. Desenkajonamentua, Zezen Plazan.
- 22:30. Kontzertua: ETS taldea. Plazan.

Uztailak 28, igandea.
- 12:00. Artzain txakur txapelketa, Olazko belardian.
- 16:00. 44. Inazio Deuna Txirrindulari Saria. Perez Arregi plazatik irtenda eta bukatuta.
- 18.00. Euskadiko Lurgaineko Sokatira Misto Txapelketa, Esklabetako belardian.

Uztailak 30, asteartea. San Inazio bezpera.
- 11:00. Hamaiketakoa, plazan.
- 12:00. Txupinazoa eta Marea Arroxa. Azpeitiko azokako ekoizleek botako dute txupinazoa.
- 12:00. Kalejira, Azpeitiko Musika Bandak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Arrasateko gaiteroak eta erraldoi eta buruhandiak.
- Ondoren, Skapaie elektrotxaranga.
- 15:00. Herri bazkaria, plazan.
- 17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak, txosnetan.
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Ganadutegia: Arno. Done Jakue kalean.
- 18:00. Go!azen karaokea, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 18:30. Profesionalen pala partidak. Izarraitz pilotalekuan.
- 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako basilikan. Azpeitiko Parrokiako koruak eta Julian Barrenetxea abesbatzak Julian Barrenetxearen Arratseko Otoitza eta Salbea abestuko dituzte, Itziar Urbieta organo jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta.
- 19:00. Los Incansables txarangaren kalejira.
- 19:00-01:00. Oihan Vega eta Davila DJak, plazan.
- 19:30. Soka airean-slackline ikuskizuna, liburutegiaren aurrean.
- 20:00. Etxera jantokiaren irekiera, Azoka Plazan.
- 22:00. Tapia eta Leturia, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Kontzertua: Frigo taldea, txosnetan.
- 23:00. Suzko erroberak, Pirotecnia Zaragozana su etxearekin, Izarraizko Atea parkean.
- 23:30. Balantza erromeria, txosnetan.

Uztailak 31, asteazkena. San Inazio eguna.
- 09:30. Goiz eresia. Azpeitiko Musika Banda, Arrasateko gaiteroak eta Izarraitz txistulari taldea.
- 10:10. Udal ordezkarien korporazioa, plazatik parrokiara.
- 10:30. Prozesioa, Alde Zaharrean.
- 11:00. Meza, parrokian, Fernando Prado Donostiako gotzaina buru dela. Parrokiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuta, Ignacio Arakistain organo-jotzaileak lagunduta, eta Javier Alberdik gidatuta.
- 12:30. Gauerdi txarangaren kalejira.
- 12:30. Arratsaldeko zezenketako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 12:30. Bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Done Jakue kalean. Ganadutegia: Lopene.
- 13:00. Kontzertua: Azpeitiko Musika Banda. Sanagustin kulturgunean.
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat., Done Jakue kalean. Ganadutegia: Ibiri.
- 17:30. Apar festa eta musika jolasak, Balentina Agirre plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 18:30. Tio Teronen Haurreskolari dantza ikuskizuna, plazan.
- 19:00. Oria txarangaren kalejira, Landetatik hasita.
- 19:00. Poteo musikatua, Alde Zaharrean.
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 22:00. Kontzertua: The Clayton taldea, txosnetan.
- 22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan.
- 23:00. Suzko erroberak. Pirotecnia Zaragozana su etxea. Izarraitz parkean.
- 23:30. Kontzertua: Izaro. Plazan.
- 01:00. Kontzertua: Trini Fox. Txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Rekiem. Txosnetan.

Abuztuak 1, osteguna. San Inazio bigarrena.
- 10:00. Goiz eresia. Izarraitz txistulari taldea, Azpeitiko Musika Banda eta Arrasateko gaiteroak.
- 10:30. Herriko agintariek ongietorria Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei, Loiolan.
- 11:00. Meza nagusia, Loiolako basilikan.
- 11:00. 13. Bakailao Txapelketa, plazan.
- 12:00. Bankako menditarrak, plazan.
- 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 15:00. Bakailao jana.
- 17:30. Bigantxak, 16 urtetik gorakoentzat. Done Jakue kalean. Ganadutegia: Arno.
- 18:00. Kuadrillen Arteko I. Olinpiadak, Alde Zaharrean.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Burbuilen jaia, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 19:00. Los Pasai txaranga.
- 19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
- 20:00. Etxera jantokia, Azoka Plazan.
- 22:00. Burbuila magikoen ikuskizuna, Olazko Andre Mariaren plazan.
- 22:00. Kontzertua: Balloon Frame taldea. Txosnetan.
- 23:30. Kontzertua: Zetak, plazan.
- 01:00. Kontzertua: Tatta & Denso, txosnetan.
- 02:30. Kontzertua: Kaparrak taldea, txosnetan.
- Ondoren, Atenenas DJa, txosnetan.

Abuztuak 2, ostirala. San Inazio hirugarrena.
- 06:00. Incansables txaranga.
- 07:00. Bigantxak, Done Jakue kalean.
- 12:30. Arratsaldeko zezenketarako zezenen aukeraketa, zezen plazan.
- 18:30. Zezenketa, zezen plazan.
- 19:00. Deiadar txaranga.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide