Bi bisita gidatu eskainiko ditu Irati Antiak etzi 'Azukre beltza' erakusketan, Julian Zuluetaz gehiago jakin nahi dutenentzat

Mailo Oiarzabal 2024ko eka. 17a, 15:27

Irati Antia, 'Azukre beltza' erakusketaren irudi baten ondoan. (Kulturaz)

18:00etan eta 19:00etan hasita egingo ditu artista arabarrak Kuban aberastu zen esklabistaren gaineko bisitak Foru Ibilbideko aretoan. Doan izango dira, baina parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

Irati Antiak Julian Zulueta esklabistaren historiaren bueltan osatu duen Azukre beltza proiektuaren erakusketa ikusgai dago datorren igandera arte, ekainak 23, Foru Ibilbideko udal aretoan. Kulturazen Doi egitasmoaren barruko laugarren erakusketak, baina, bi hitzordu berezi eskainiko ditu etzi, asteazkena. Izan ere, Antiak berak gidatutako bisita gidatuan parte hartzeko bi aukera izango dira ekainaren 19an, 18:00etan zein 19:00etan.

Erakusketa osatzera datozen zein "erakusketan ikusgai dagoen informaziotik haratago" doazen bisitak dira Azukre beltza-ren sortzaileak proposatzen dituenak, Kulturazek azaldu duenez. "Julian Zulueta nor zen, Kubako herrian zein arrasto utzi zuen, Euskal Herrian izandako presentzia, bere oinordekoena, eta antzeko informazioa partekatuko" du Antiak etzi Foru Ibilbideko erakusketara joaten direnekin.

Bisita horietan parte hartzeko, ordea, derrigorra da aurrez izena ematea. Horretarako, antolatzaileek Interneten jarri duten formulario hau bete behar da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide