"Berezia" izango da aurtengo Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa, azkenengo urtea izango baita futbol txapelketa hori antolatzen dutena. Aurreko astean aurkeztu zituzten kirolaz eta Azpeitiaz "gozatzea" xede duen txapelketaren xehetasunak, Basazabal jauregian, eta han aurreratu zutenez, hiru txapelketa jokatuko dira, hirurak ekainean. Torneoaren koordinatzaile Meliton Rodriguezek, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta ekitaldiaren babesleek eta ordezkariek eman zituzten azalpenak.
Urteak aurrera joan bezala, Adiskidetasunaren txapelketa lelo duen futbol txapelketa "indarra hartzen" joan dela azpimarratu zuten: "Mutilen kimuen mailan estatu osoan dagoen txapelketa handienetako bat bihurtu da, baina neurri honetako txapelketa bat antolatzeak dakarren lanak eta errelebu faltak, oraingoa azken txapelketa izateko erabakia hartzera eraman du antolakuntza". Ildo beretik, txapelketak izandako hazkundeaz mintzatu ziren: "Inguruko futbol taldeen txapelketa bat izatetik, parte hartzaileen artean estatu osoko harrobi garrantzitsuenetako taldeak izatera iritsi da; urte batean edo bestetan, gainera, Espainia Estatutik kanpoko taldeek ere parte hartu dute. Horrez gainera, futboleko kimuen txapelketa bat zen sorreran, eta gaur egun hiru mailetako txapelketak antolatzen dira".
Azkenean, "futbol festa handi batean" bihurtu da Domusa Teknik Azpeitia Cup, antolatzaileen hitzetan: "Kirol aldetik bakarrik ez, turismo aldetik ere garrantzi handia izan du bai gure herriarentzat eta baita ingurukoentzat ere. Izan ere, futbol taldeekin batera kirolarien familiak, lagunak eta bisitariak erakartzen ditu Azpeitira. Era horretan, gure herria eta euskal kultura kanpoko jendeari ezagutarazteko aukera bikaina bihurtuz".
Dimentsio horretako futbol txapelketak aurrera eramateko antolakuntzak "herritarren laguntza" behar izan du, baita inguruko erakundeena, enpresena eta saltokiena ere. Hala, Meliton Rodriguezek urte hauetan zehar lanean jardun duten horiei eskerrak emateko ere baliatu zuen aurkezpena: "Elkarte gastronomikoak, urte guzti hauetan dena ezin hobeto atera dadin gogor lan egin duten boluntarioak, eta oro har, herriko eta inguruko denda, taberna eta jatetxeak emandako laguntza guztia eskertu nahi ditugu".
Hiru txapelketa, ekainean
Domusa Teknik Azpeitia Cup Txapelketan hiru futbol txapelketa jokatuko dira, eta hirurak ekainean. Ekainaren 7tik 9ra artean izango da lehenengoa, kimu mutilen txapelketa. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Real Madrilek, Barcelonak, Atletico Madrilek, Realak, Valenciak, Osasunak eta Alavesek.
Ekainaren 14tik 16ra, berriz, kimu nesken txapelketa jokatuko dute. Txapelketa honetarako, dagoeneko 30 futbol taldek eman dute izena, horietako asko Espainiako Emakumeen Ligako harrobiko taldeak: Madril CFF, Athletic, Reala, Eibar eta Osasuna. Ekainaren 21etik 23ra, azkenik, infantil nesken txapelketarekin agurtuko dute futbol festa.
Egun horietan Garmendipeko zelaiek 85 talde baino gehiago hartuko dituzte, 1.300 jokalari inguru, beraien teknikariekin eta familiako kideekin batera. "Futbolaren jai handi bat izango da, kirolaz haratago doan festa bat, Urola Erdia gure kultura, ohiturak eta ingurunea ezagutzeko prest dauden bisitariz beteko baita, eskualdeari balioa emanez", azaldu zuten antolatzaileek.
"Horrela bada, agurraren aurretik, Domusa Teknik Azpeitia Cupen azken edizio hau dugu aurrean, eta Melitonek esan bezala, nahiz eta dagoeneko denak nekatuta egon, gogoz eta indarrez hartuko dugu azken antolakuntza hau", azaldu zuten antolatzaile taldekoek.