Urola ibaiak gainezka egin du eskualdeko hainbat tokitan

Maialen Etxaniz 2024ko otsailaren 27a

Goizaldean, Azpeitiko Madalena inguruan eta Ezkuztan gainezka egin du Urola ibaiak: 10:00 aldera errepidea itxi dute pare horretan, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez. Azpeititik Zestoarako errepidea ere itxita dago Ezkuzta parean, eta Lasao eta Zestoa artekoa ere bai, Alberdi baserriaren parean; soilik autobusak eta kamioiak ibil daitezke Azpeitia eta Zestoa artean. Azkoitia eta Zumarraga arteko errepidea ere itxita dago, Aizpurutxora artean, luizi baten ondorioz. Zumaian, Oikia parean atera de errioa. Aizarnazabalen, aldiz, Etxabe auzoan egin du gainezka ibaiak.

Euri jasa handiak egin ditu bart, eta urak handi datoz; Urola ibaiak gainezka egin du goizaldean Azpeitian ohiko uholde guneetan. Madalenan, esaterako, ibaiak gainezka egin du, eta uneotan eremua itxita dago. Madalenako zenbait bizilagunek azaldu dute gauean ura ateratzen jardun dutela haien kabuz, egoeraren larria ikusita. Ezkuztan ere gainezka egin dute urek: 10:00 aldera errepidea itxi dute pare horretan, Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez.

Ordu horretan, bestalde, luizia izan da Azkoitia eta Zumarraga lotzen dituen GI-631 errepidean, eta Ertzaintzak Azkoitia eta Aizpurutxo auzoa lotzen dituen errepide zatia itxi du, hura garbitu arte.

Oro har, errepideetan kontu handiarekin ibili beharra dago. Ezkuztan ez ezik, Zestoa eta Azpeitia bitartean gainezka egin du Urolak toki askotan, eta bazterretan putzu handiak daude; Ezkuztan eta Alberdi baserriaren parean errepidea itxi egin dute. Soilik kamioiak eta autobusak pasatu daitezke handik. Urrestilla aldera ere putzu handiak daude Larrin eta Aginetxe bitarteko bihurguneetan. Lasaorako bidegorria ere itxi egin dute.

Ibai ondoko garajeak husteko eskaera

Azpeitian, Madalena inguruan ez ezik, Enparan kaleko garajeetan ere kalteak eragin ditu urak; izan ere, uholdeak izan dira garaje horietan, eta bizilagunek ezin izan dituzte autoak ohiko eran atera. Udalak 09:50ean jakinarazi duenez, Jose Artetxe kaleko ibai aldeko garajeetan ere sartu da ura. Horren haritik, Udaltzaingoak ibai ondoetako garajeetatik ahal dela ibilgailuak ateratzeko eskatu du, eta jakinarazi du trukean Jesuitinetako jolaslekua ireki dutela, ibilgailu horiek nahi izanez gero han aparkatzeko.

Zumaian, Oikia parean atera de errioa, eta Torrontegi baserriko baratzeak estali ditu. Hirigunean, berriz, ez du arazorik sortu Udaltzaingoak azaldu duenez. Aizarnazabalen ere urak hartu du errepidea; Etxabe auzoan egin du gainezka ibaiak.

Litro asko ekarri ditu Monika ekaitzak Euskal Herrira, haize zakarrak lagunduta, gainera, eta eguerdira arte behintzat euriak mardul botatzen jarraituko duela aurreikusi dute. Euskalmeten arabera, Urolako arroan, Ibai Eder estazioa maila laranjara iritsi da goizaldean.

 

Aizarnazabalgo Etxabe auzoa. (Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide