Plazako festa giroaren eta Azoka Plazaren arteko lotura indartzera dator San Tomas eguna

Ihintza Elustondo 2023ko abe. 15a, 15:06

Marian Etxeberria, Mikel Odriozola, Joxean Labaka, Aiora Etxeberria eta Ander LarraƱaga, Azoka Plazan. (Ihintza Elustondo)

Herriko ikastetxeen eta eragileen sei talo eta txorizo postu izango dira abenduaren 21eko festan Azpeitiko plazan. Azoka Plaza festa eremutik "nahiko aparte" gelditzen ari zela jabetuta eta horri irtenbidea eman nahian, bi berrikuntza izango dira: letxuga landareak eta izozkiak banatuko dituzte Azoka Plazan. Indarkeria matxistaren aurkako gunea izango da Plaza Txikian.

Abenduko egunen erdiak joan dira, eta data hauetan ohikoa den moduan, azpeitiarrak jarri dira dagoeneko San Tomas egunari begira. Eguraldi iragarpenari adi, baserritar jantziei hautsak kentzeko garaia iritsi da, eta testuinguru horretan, gaur aurkeztu dute festa egunerako egitaraua, udaletxean egin duten agerraldian. Han izan dira Aiora Etxeberria Sakona etxalde ekologikoko arduraduna, Joxean Labaka Ibarbi Sagarraren Elkarteko ordezkaria, Mikel Odriozola Festa batzordeburua eta Ander Larrañaga Ekonomia batzordeburua.

Aurtengo San Tomas eguna antolatzerakoan, baserritarren azoka indartzea izan dute jomuga. Etxeberriak adierazi duenez, jabetu ziren San Tomas egunean Azoka Plaza festa eremutik "nahiko aparte" gelditzen ari zela. Astearteetan eta ostiraletan Azoka Plazan postua jartzen duten baserritar guztiak bildu ohi dira han San Tomas egunean, eta eremu hori jai giroarekin lotzeko beharra sentitu zuten. Deskonexio horri irtenbidea emateko, Azpeitiko Udalera jotzea erabaki zuten, proposamen bat aurkezteko.

Larrañagak azaldu duenez, udal ordezkariak baserritarrekin bildu ziren orduan. "Lehen sektoreari indarra ematea nahi genuen, herritarrek festa egunaz gozatzeaz gain, horiek Azoka Plazara gerturatu eta baserritarren eta herritarren arteko hartu-emana sustatzea. Festa giroa, nolabait, plazatik Azoka Plazara mugitzea nahi genuen".

Bi berrikuntza

Helburu hori lortzeko, aurtengo egitarauan bi berrikuntza txertatu dituzte. Batetik, Azoka Plazako postuetan letxuga landareak banatuko dituzte, eta haurrei azalduko diete nola zaindu behar duten kimu hori letxuga handi bihur dadin. Horrekin belaunaldi berrien eta baserritarren arteko harremana sustatu nahi dute, eta gurasoak animatu dituzte beren umeak letxugaren egitasmoan parte hartzera animatzera. "Pedagogia lan bat egin nahi dugu nolabait", adierazi du Larrañaga zinegotziak.

Bestetik, errezil sagarraren zukuarekin egindako izozkiak banatuko dituzte San Tomas egunez Ibarbi Sagarraren Elkarteko kideek. Hain zuzen ere, Enkarguk egitasmoaren kontsignak dauden gunean jarriko dute izozkiak banatzeko postua, eta herritarrek doan eskuratu ahal izango dute izozkia. Labakak adierazi duenez, beraiek etxean egin izan dute mota horretako izozkia, eta iazko azokara ekarri zuten, erosleei izozkia probatzeko aukera emateko. "Sekulako arrakasta izan zuen izozkiak. Gainera, iaz sekulako eguraldia egin zuen, eta jendeak izugarri gustura dastatu zuen. Horregatik, aurten izozki gehiago ekartzea erabaki dugu". Ibarbi Sagarraren Elkartekoek egindako zukuarekin, Errezilen bizi den argentinar batek egin du izozkia. Guztira, berrehun izozki inguru banatuko dituzte goizean zehar, doan. "Ea eguraldiak laguntzen duen eta iaz bezalako arrakasta izaten duen izozkiak", esan du Labakak.

Berrikuntzez gain, ohiko ekintzak eta talo eta txistor postuak izango dira San Tomas egunez Azpeitiko plazan. Odriozolak nabarmendu duenez, aurtengoan ere izango dira ezinbestekoak diren osagaiak: "Goizeko diana, pilota partidak, kalejira, aizkolariak eta harri jasotzaileak, bertsolariak, erraldoiak nahiz buruhandiak, dantza suelto txapelketa...". Gainera, herriko ikastetxeen eta eragileen sei postu izango dira plazan: herriko hiru ikastetxeenak eta Etxerarena, Baigera elkartearena eta Itsasi dantza taldearena.

San Tomas egunak duen xarma galdu ez dezan, festa egunaren sustatzaileek herritarrei baserritarrez janzteko deia egin  diete.

Indarkeria matxistarik ez

Era berean, indarkeria matxistaren aurkako borrokarekin bat eginez, indarkeria matxistaren aurkako gunea jarriko dute Plaza Txikian, 12:00etatik 20:00etara.

Egitaraua

Abenduak 20, osteguna.

  • 22:00. Txapelen omenezko bertso jaialdia, Soreasu antzokian.
    Bertsolariak: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina, Oier Etxeberria eta Julene Iturbe.
    Gai jartzailea: Haritz Bereziartua Ministro.

Abenduak 21, osteguna.

  • 10:00.
    -Izarraitz txistularien eskutik, diana kaleetan zehar.
    -IX. Patxi Azkargorta pilota memorialeko finalak, Izarraitz pilotalekuan.
      1. Aurrebenjaminak banaka
      2. Benjaminak banaka
      3. Benjaminak binaka
      4. Kimuak banaka
      5. Kimuak binaka
      6. Infantilak banaka
  • 11:30.
    -Juan Antxieta musika eskolako soinu jotzaileen kalejira.
    -Udal Musika Bandaren kalejira eta Arrasateko gaiteroak.
  • 12:00.
    -Azpeitiko udazkeneko azoka berezia: baserriko produktuak goiz osoan zehar, Azoka Plazan.
    -Itsasiko ttuntturroen kalejira.
    -Aizkolarien eta harri jasotzaileen jaialdia, plaza nagusian, Juanjo Sagastibeltzak aurkeztuta.
  • Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Enbor bana nork kolpe gutxiagotan ebaki.
  • Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza (85 kiloko errektangularra), Goenatxo III.a (200 kiloko errektangularra) eta  Urra (125 kiloko zilindro zaharra).
  • Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Iker Vicente. Enbor bana azkarrago nork ebaki.
  • Harri jasotzaiela: Udane Ostolaza (50 kiloko kubikoa).
  • Proba mistoa: Mikel Larrañaga eta Goenatxo III.a Iker Vicenteren eta Urraren aurka. Bost enbor ebakiko dituzte eta 125 kiloko kubikoari hogei jasoaldi egingo dizkiete.
  • Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza (50 kiloko bolarekin), Goenatxo III.a (100 kiloko bolarekin) eta Urra (100 kiloko bolarekin).
  • 12:30-15:00. Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldia kaleetan barrena.
  • 13:00.
    -Bertsolariak eta trikitilariak plazako kioskoan.
    Bertsolariak: Julio Soto, Ekiñe Zapiain, Aratz Igartzabal eta Haira Aizpurua.
    Gai jartzailea: Xebastian Lizaso.
    -Erraldoiak, buruhandiak eta Arrasateko gaiteroak, kaleetan barrena.
  • 16:00-22:00. Davila eta Asier Hernandez DJak, plaza nagusiko kioskoan.
  • 18:30. Gazteen XXII. Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketa, Soreasu antzokian.   

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide